Herritarrek aurrez aurre bozkatu ahal izan dute euren dekorazio gustukoena, online formulario baten bidez, establezimendu bakoitzeko karteletan zegoen QR kodea erabilita. Parte-hartzea sustatzeko, Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak prestakuntza saio bat ere antolatu zuen urtarrilaren 26an, Kurtzio Kultur Etxean. Urtzi Zarate Espacios Efimeroseko erakusleiho-apainketan eta diseinuan adituak eman zuen tailerra.
Epaimahaia Urtzi Zaratek berak, Jorge de Francisco Bilboko Merkataritza Ganberako teknikariak eta Paula Varelak osatu zuten. Originaltasuna, sormena, estetika, koherentzia eta konposizio bisuala baloratu zituzten, besteak beste. Zarateren esanetan, "maila nahiko altua ikusi dut, askotariko elementuak eta atrezzoak sortzeko ahalegina nabarmenduz. Inplikazio eta ahalegin handia egon da, eta emaitza asko bikainak izan dira".
Sariak honela banatu dituzte: epaimahaiaren lehen saria Cafe Barinatxek jaso du (295 euro eta diploma); bigarrena Cafe Uyarra-k (150 euro eta diploma); eta publikoaren saria La Kala tabernak (295 euro eta diploma). Gainera, bozketan parte hartu dutenen artean 45 euroko sei txartel zozketatu dituzte, parte hartu duten saltokietan trukatzeko.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak eskerrak eman dizkie parte-hartzaile guztiei: "Komunitatearen inplikazio aktiboa ezinbestekoa da ostalaritza bultzatzeko. Eskerrik asko beren lokalak apaintzeko egin duten ahaleginagatik eta Sopelarekin duten konpromiso sendoagatik".