Azterlanak, besteak beste, erregistratutako etxebizitza eta logela kopurua, erregistroen bilakaera, banaketa geografikoa eta kontzentrazio espaziala aztertuko ditu, baita udalerriko errealitate turistikoan duen eragina ere. Horrez gain, ohiko etxebizitzarako sarbidean izan dezakeen eragina, ondorio sozialak eta udalerriko gune ezberdinetako dinamikak ere ikertuko dituzte. Diagnosia osatzeko, esparru juridikoaren analisia egingo da eta beste udalerri batzuetan aplikatutako araudiakaz konparazio-azterketa ere bai.
Udalaren asmoa lan horregaz oinarri sendoa izatea da, HAPO berria prestatzean erabilera turistikoko etxebizitzak eta logelak arautzeko jarraibideak definitu ahal izateko, eta jarduera turistikoa etxebizitzarako eskubideagaz eta herritarren bizi-kalitateagaz bateragarri egiteko neurriak baloratzeko. Gainera, azterlana Sopela eremu tentsionatu izendatzeko Ekintza Planaren 2. ardatzaren barruan kokatzen da; dokumentua dagoeneko Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Sailari bidali diote, eta aztertzen ari dira.
Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak adierazi duenez, “erabilera turistikoko etxebizitzei eta logelei buruzko azterlan honek berretsi egiten du Sopelaren identitatea zainduko duen, jarduera ekonomikoa bultzatuko duen eta bertako bizilagunen ongizatea bermatuko duen garapen turistiko jasangarriaren ereduarekin dugun konpromisoa”. Udalak iragarri du laster emango dituela azterlanaren ondorioen eta hurrengo urratsen inguruko xehetasunak.