Sopelako Loiola Ander Deuna kaleko babes ofizialeko etxebizitzen errentarako esleipena-prozedura zabalik dago

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 11

Loiola Ander Deuna kaleko babes ofizialeko errentarako etxebizitzak daborduko bukatu dituzte eta esleipen-prozesuan izena eman ahalko martxoaren 20ra arte. © SOPELAKO UDALA

Araubide orokorreko babes ofizialeko 30 etxebizitza errentamenduan esleitzeko prozedura martxan dago daborduko, eta izen-ematea 2026ko martxoaren 20ra arte egin ahalko da. Errentarako esleituko dituzten etxebizitzak honakoak izango dira: bi logelakoak 20 etxebizitza, logela bakarreko sei, hiru logelakoak bi eta mugikortasun urrirako egokitutako beste bi esleituko dituzte.

Prozeduran parte hartu ahal izateko, agindua argitaratzen den egunean honako baldintzak bete behar dituzte hautegaiek: Sopelan gutxienez hiru urtez erroldatuta egotea (salbuespenak daude mugikortasun urrirako eta genero-indarkeriaren biktimentzat), Etxebiden alokairuko eskatzaile gisa alta emanda egotea Sopelan, 2024ko diru-sarrera haztatuak 9.000 eta 46.463,29 euro artekoak izatea eta bizikidetza-unitatea sei kide baino gehiagokoa ez izatea.

Izen-ematea egiteko, epe barruan hiru bide daude: telematikoki Etxebideren webgunean, aurrez aurre Zuzenean bulegoan edo postaz Bizkaiko Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzara idatzita (Kale Nagusia 85, 6. solairua). Administrazioak adierazi du baldintzak betetzen dituztenek gutun edo mezu bat jasoko dutela izen-emateko datuakaz.

Azken ohar gisa, jakinarazi dute baldintzak bete gabe izena emanez gero eskatzaileak prozeduratik baztertuko dituztela, eta izena emanda esleitutako etxebizitzari uko eginez gero, salbuespenak salbuespen, Etxebidetik baja eman eta urtebetez ezin izango direla berriz alta eskatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun