Gurutze Gorria sorosleak eta anbulantziak baino askoz gehiago da, pertsona nagusiakaz edo egoera zaurgarrian dauden familiakaz ere lan sozial garrantzitsua egiten baitute. Uribe Kostan, Sopelako bulegoak garrantzia handia bereganatu du azken urteotan, arlo eta herritar desberdinentzako gero eta jarduera gehiago garatzen baitituzte bertan.
Hala, batetik, adineko pertsonentzako tailerrak eta zahartze aktiboa bultzatzen duten jarduerak egiten dituzte, hala nola memoria tailerrak eta estimulazio kognitiboko saioak. Gainera, narriadurarik ez dutenentzat zahartze aktiboko tailerrak eskaintzen dituzte, non geografia, irakurketa edo segurtasunari buruzko hitzaldiak jasotzen dituzten. Era berean, Sareko Ahotsak izeneko bakardadeari aurre egiteko proiektuari esker, Alexa gailuak instalatzen dituzte adinekoen etxeetan bideo-deiak egiteko, konpainia egiteko eta hileroko irteera kulturalak antolatzen dituzte, hala nola Guggenheimera edo Bilboko itsasadarrera.
Bestetik, gazteakaz ere lan garrantzitsua egiten dute, bereziki eskola-arrakasta sustatzeko proiektuaren bidez. Bertan, baliabide gutxiko umeei askaltzekoa ematen diete, etxeko lanakaz laguntzen diete eta euskararen indartzean zentratzen dira, asko familia etorkinetakoak baitira. Horretaz gain, Gabonetan jostailu hezitzaileak banatzen dituzte eta irteerak antolatzen dituzte.
Azkenik, gizarte-laguntzari dagokionez, bulegoak egoera zaurgarrian dauden familientzako elikagai-txartelak kudeatzen dituzte, pertsonen egoera "dignifikatzeko" asmoz, baita argia, ura eta gasa ordaintzeko laguntzak ere.
Hala ere, Rojok argi utzi du euren lana boluntarioei esker egiten dutela, beraiek baitira tailerrak eta ekimen desberdinak gidatzen dituztenak, "beraiek gabe ezinezkoa litzateke egiten ditugun ekintzak antolatzea". Hala, boluntario gehiagoren beharra dutela azpimarratu du: "Gaur gaurkoz, jarduera gehienak Sopelan dugun egoitzan egiten ditugu, baina Uribe Kostako beste herri batzuetara zabaldu nahiko genuke gure ekintza Plentziara, Urdulizera, Gorlizera... baina, horretarako, boluntario gehiago behar ditugu".
Arduradunak adierazi duenez, boluntario gehiago izanez gero, herri gehiagoetara heltzeko eta jende gehiagori laguntzeko aukera izango lukete, gaur egun taldeak dituzten lekuetan bakarrik ireki baititzakete proiektu berriak. Boluntario-sarea handitzeak, gainera, dauden boluntarioen lasaitasuna bermatuko luke, ordezkapenak egitea erraztuz eta kudeaketa burokratikoa arinduz.