Orain arte, Larrabasterrako Urgitxieta plazan egin badute ere ere, proiektuaren lehen urteurrenagaz batera erdigunera hurbiltzea erabaki du Udalak, asteroko maiztasuna eta ohiko ordutegia (10:00etatik 14:00etara) mantenduz. Aldaketa honegaz, hurbileko nekazaritzako elikagaien azoka herrigunean finkatu gura dute, baserritarren eta kontsumitzaileen arteko harremana erraztuz eta herriko bizitza dinamizatuz.
Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak sustatutako ekimen honek Jata Ondo agentziaren eta Foru Aldundiaren babesa du, eta Bizkaiko hainbat txokotako kalitatezko produktuak eskaintzen ditu astero. Urtebetean zehar, herritarrek Zornotzako barazkiak, Bakioko frutak, Mallabiko pastelak edota Orozkoko txorizoak erosteko aukera izan dute, besteak beste.
Gainera, merkatuak ez du soilik merkataritza ardatz, urte osoan zehar talo banaketak, Sopela Kantariren saioak eta dantza plazak bezalako jarduera kulturalak uztartu baititu, tokiko garapenaren eta euskal kulturaren topagune bihurtuz.