Sopelako tokiko merkataritzaren hurbiltasuna sustatzeko ikus-entzunezko kanpaina abiatu du Udalak

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 23a

Sopelako Udalak tokiko komertzioakaz garatutako kanpainarako herriko hiru establezimendutako merkatariak elkarrizketatu dituzte. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak Sopelako komertzioak. Bereziki hurbilekoak izeneko ekimena aurkeztu du, hiru bideoz osatutako udalerriko saltokien ikusgarritasuna indartzeko eta bezeroekiko duten tratu profesionala nahiz zaindua balioan jartzeko ekimena. 

Ekimenak belaunaldi desberdinen arteko erosketa-ohiturak lotu gura dituela azaldu dute udal-iturriek, arreta berezia jarriz gazteengan, izan ere, beraiek dira tokiko produktuak ezagutzeko zailtasun gehiago izan ditzaketenak, eta adinekoengan, tresna digitalen erabileran murgilduta daudenak.

Zeregin horretarako, ikus-entzunezko hiru pieza grabatudituzte elikaduraren sektoreko hiru establezimendu enblematikotan: Belda Eco&Bio dietetika, Zelai fruta-denda eta Pili arrandegia. Bideo hauetan, merkatarien eta bezeroen arteko eguneroko harreman naturala erakusten da, eta azpimarratzekoa da parte hartu duten hiru bezeroak Sopelako bizilagunak direla, esperientzia bertatik bertara bizi izan dutenak.

Sopelako komertzioak. Bereziki hurbilekoak lelopean, kanpainak saltoki handietan aurkitzen ez den entzute aktiboa eta hurbiltasuna transmititu gura dituela azpimarratu du Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak. Hala, bideo hauek merkatarien eta kontsumitzaileen arteko lotura sendoa islatu gura dute, eta eskerrak eman dizkie parte-hartzaileei erakutsitako inplikazioagatik. Zinegotziaren hitzetan, Udalak lanean jarraituko du herriko ekonomia sustatzeko eta tokiko merkataritzaren eskuragarritasuna eta kalitatea hobetzeko datozen urteetan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun