Udalak azaldu duenez, ekimena surfeko mahai sektorialean adostutako konpromisoen baitan kokatzen da, eta helburu nagusia da Sopelako surfaren industriako erreferente profesionalak ikusaraztea, sektoreagaz elkarlanean. Ildo horretan, Toki Garapen sailak gogorarazi du 2025eko urrian tokiko ekoizpeneko surf zinema izan zela Sopela Surf Business Meeting jaialdiaren IX. edizioko irekieraren ardatzetako bat, eta orduan ere proiekzioak eta mahai-inguru parte-hartzailea antolatu zituztela.
Ikigai dokumentala Igor Bellidok zuzendu du, Taui Mediak ekoitzi, eta martxoaren 19an estreinatu zen Bilbao Surf Film Festivalen. Sopelan eta inguruan grabatu dute, eta, Sopelako Udalak nabarmendu duenez, artisau-tailerretako filmaketak, elkarrizketak eta itsas inguruneak uztartzen ditu, "narratiba bisual intimoa" osatzeko, iraunkortasun irizpideak kontuan hartuta tokiko talde batek egindako ekoizpenean.
Proiekzio nagusiaren aurretik, gainera, surfari buruzko bi film labur eskainiko dituzte: Pablo Bordasen Violeta eta Jon Aspururen Mundaka. Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan, "surfa funtsezko industria da Sopelan, 100 pertsona ingururi ematen die lana", eta "tokiko eta ikuspegi jasangarri batekin egindako lanaren laginak babestu eta balioetsi" nahi dituzte; haren esanetan, Ikigaik "artisautzako materialen zaintzan eta sormenean" jartzen du arreta, eta balio horiek "erreferentzia gisa nabarmendu beharko lirateke".