57.000 eurotik gora bideratu dituzte Sopelan negozioak sortzeko eta berritzeko

Ander Zarraga 2026ko martxoaren 31

Negozioak irekitzeko edo berritzeko hautagaiak 14tik 32ra igaro dira urte batean. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak indartu egin du Sopela Garatu diru-laguntza programa, aurrekontua ia hirukoiztuz eta 32 proiekturi bultzada ekonomikoa emanez. Oinarri berriei esker, eskaera kopurua bikoiztu egin dela nabarmendu dute udal-iturriek eta laguntzak sektore gehiagotara iritsi ahal izango izango, enpresa txikien eta autonomoen lehiakortasuna hobetzeko asmoz.

Sopelako Udalak adierazi du datu oso positiboakaz itxi duela udalerriko enpresa-sarea sustatzeko diru-laguntzen 2025eko deialdia. Zehaztu dutenez, denera, 57.187,44 euro banatu ditu Toki Garapen sailak Sopela Garatu (lehen Sope-lan zena) programaren bidez. Aurkeztutako 36 eskaeretatik 32 onartu dituztela zehaztu dute. Horiek, lan-lerro bitan banatuta egon dira: Sopela Sustatzen, negozio berriak sortzeko (6.416,99 euro), eta Sopela Berritzen, lehendik dauden saltoki eta enpresak modernizatzeko (50.770,45 euro).

Aurten, Udalak azaldu du sakonki berrikusi dituela laguntzen oinarriak, Eusko Jaurlaritzaren modernizazio programakaz lerrokatuz eta baldintzak malgutuz. Aldaketa nagusien artean, proiektu bakoitzeko gehienezko laguntza 2.000 eurotik 3.000 eurora igo da. Gainera, negozioa martxan daramatenek bigarren urtetik aurrera eskatu ahal izan dute laguntza (lehen hiru urte itxoin behar zen). Aldaketa hauei esker, 2024ko deialdian onartutako 14 eskaeretatik 2025eko 32etara igaro da, eta inbertitutako zenbatekoa ia hirukoiztu egin da.

Onuradunen profila ere zabaldu egin dela ere nabarmendu dute, sektore anitzetako zortzi enpresa, zerbitzuetako zazpi, zazpi autonomo, lau saltoki eta ostalaritzako bi establezimendu lagundu baitira diruz. Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak nabarmendu duenez, "pozgarria da ikustea egindako aldaketek fruitua eman dutela; negozio bat sortzea eta mantentzea gogorra da, eta Udaletik enpresa sarea babesten jarraituko dugu bide horretan".

Diagnostikoari erantzuna

kimen honegaz Udalak zuzeneko erantzuna eman gura dio 2025ean egindako Sopelako Enpresen Diagnostikoan jasotako eskaera nagusiari: laguntza ekonomiko gehiago eta enpresa txikientzako diru-laguntza irisgarriagoak izatea. Modu honetan, udalerriko ekonomia biziberritzeko eta tokiko saltokien lehiakortasuna bermatzeko apustu irmoa berretsi du erakundeak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun