Jeltzaleek azaldu dutenez, kargagailu hauek agintean egon ziren aurreko legegintzaldian (2019-2023) erosi zituzten, hirigunea oinezkoentzat egiteko proiektuaren barruan, herritarrei mugikortasun jasangarria errazteko asmoagaz. Alabaina, 2023ko gobernu aldaketatik hona, ekipamendu horiek erabili gabe egon direla salatu dute.
Jatorrizko proiektuak kargagailuak San Pedro elizaren aurrean jartzea aurreikusten zuen, baina egungo udal-gobernuak kokapen hori baztertu zuen, jaietan txosnak jartzea oztopatu zezakeela argudiatuta. EAJren esanetan, ordutik kargagailuak biltegi batean egon dira hiru urtez, gobernu-taldeak kokapen alternatibo bat bilatzen ari zela zioen bitartean.
Orain, hiru urteko itxaronaldiaren ostean, Udalak karga-guneak Olabideko brigadaren pabiloian eta Udaltzaingoaren garajean jartzea erabaki duela jakinarazi dute jeltzaleek. Erabaki honek kargagailuak herritarren erabileratik kanpo utziko dituela salatu dute, soilik udal-ibilgailuetara mugatuko baitira.
Jeltzaleen ustez, "ulertezina" da denbora honetan guztian herritarrentzako kokapen egoki bat aurkitu ez izana. "Hiru urtez herritarrentzat pentsatutako ekipamendu bat gordeta eduki dute, eta orain udal ibilgailuetara bakarrik bideratu nahi dute", adierazi dute EAJko ordezkariek. Taldeak berretsi du kargagailuek zerbitzu publiko gisa funtzionatu behar dutela, hasiera batean hitzeman zen bezala, eta herritar guztien eskuragarritasuna defendatzen jarraituko dutela iragarri dute.