Sopelako Kuadrillek XV. urteurrena ospatuko dute bi eguneko egitarau oparoagaz

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 16a

Arten, lehen aldiz bi egunetan zehar banatuko kuadrillen eguneko egitaraua. © SOPELAKO KUADRILLAk

Sopelako Kuadrilla Egunak hamabosgarren edizioa beteko du aurten, eta data borobila ospatzeko, jai-egitaraua bi egunetara luzatuko dute aurten, maiatzaren 15ean eta 16an. Maiatzaren erdialdean ospatuko den urteurrenak kirol-partidak, etxebizitzari buruzko hausnarketa-guneak eta Lukiek, Potato eta Bidean taldeen kontzertuak izango ditu, besteak beste.

Aurten, Sopelako Kuadrilla Eguna ez da egun bakarreko festa izango. Talde antolatzaileak XV. urteurrena "merezi duen bezala" ospatzeko asmoa azaldu du, eta bi eguneko egitarau oparoa prestatu du barikutik hasita. Jaiak ohiko giro herrikoia mantenduko du, baina ekimen berriak eta indartsuagoak gehituko dituzte aurten.

Ospakizunak maiatzaren 15ean, barikuan abiatuko dituzte. Egunari hasiera emateko, kuadrillen arteko zelai erre partida jokatuko dute, herritarren arteko norgehiagoka eta barreak ziurtatuz. Ondoren, urteurreneko pregoia eta txupinazoa botako dute jaiari hasiera ofiziala emateko, eta iluntzean, plater eta mikro irekia egongo da herriko kaleetan zehar, herritarren sormenari bide emanez.

Zapatu goizean, jai-giroaz gain, gai sozialen inguruko hausnarketa egiteko tarteak ere lekua izango du, hala, etxebizitzaren auziari buruzko mahai-ingurua antolatuko dute, gaur egun bizi dugun egoera kezkagarria hizpide hartuta. Hausnarketa saio horren ostean, herri-bazkari jendetsua egingo dute. Horretan izena emateko azken eguna maiatzaren 9a izango da.

Bazkalostean, frontoiak hartuko du protagonismoa bi partida garrantzitsurekin. Batetik, pala partida herrikoia egingo dute Gilen Madrid eta Irati Irastorza, Leire Fuente eta Eneko Balboaren artean, eta, bestetik, errepresioaren aurkako pilota partida jokatuko dute. Jardunek antolatuta, luxuzko kartela izango du norgehiagoka honek: Goñi II eta Elizegi, Titin III eta Alduntzinen aurka. Partida hauetarako sarrerak Etxekhi Berrian, Frontoian edo 671 17 20 27 telefonoan eskuratu daitezke.

Egunari amaiera emateko, Sopelako urteurrenak lehen mailako hiru kontzertu eskainiko ditu. Lukiek taldearen rock doinuak, Potato talde beteranoaren reggae erritmoak eta Bidean erromeriaren festa-giroa izango dira gaua girotuko dutenak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun