Sopelako Burdin Hesia balioan jartzeko lanak aurrera doaz

Izaro Garcia 2026ko apirilaren 20a

Burdin Hesia 80 kilometrotik gorako defentsa lerroa izan zen. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak aurrera egiten jarraituko du Burdin Hesiaren ondare historikoa berreskuratu eta herritarren eskura jartzeko lanean. Horretarako, 2024 eta 2026 bitartean garatzen ari den jarduera-plan bat du martxan, ingurua hobetzea, seinaleztatzea eta ondareari balioa ematea helburu.

Burdin Hesia 80 kilometrotik gorako defentsa lerroa izan zen, Espainiako Gerra Zibilean Bilbo eta ingurua babesteko eraikia. Gaur egun, haren aztarnek balio historiko, arkeologiko eta sinboliko handia dute. Sopelan, Areneburu, Munarrikolanda eta Santa Marina inguruan kokatzen dira aztarna nagusiak, Berango eta Urdulizegaz partekatzen duen mendilerroan. 

Proiektuaren lehen fasean, 2024an, ikerketa eta dokumentazio lanak egin ziren, defentsa lerroaren testuinguru historikoa aztertzeko eta udalerriko elementuak identifikatzeko. Horren baitan, Informazio Geografikoko Sistema bat sortu da, Burdin Hesiaren osagaiak kokatu eta haien egoera ezagutzeko. 

2025ean hasi dira lehen jarduketak: sarbideak garbitu, sastrakak kendu eta norabide seinaleak jarri dira hainbat gunetan, betiere kontrol arkeologikopean. Halaber, panel informatiboak diseinatu dira, ondarearen inguruko informazioa zabaltzeko. 

Datozen hilabeteetan, 2026ari begira, egituretan egin beharreko kontsolidazio lanak zehazten ari da Udala. Era berean, seinaleztapena osatu, panel interpretatibo zein irisgarriak jarri eta dibulgazioari indarra ematea aurreikusten da; besteak beste ibilbideak, material didaktikoak eta bisita gidatuak eskainiz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun