Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa bueltan da. 31. edizio honetan, parte hartu gura duten taldeek gaur, apirilak 20 dute azken eguna izena emateko www.praktikatu.eus atarian. Lehiaketan aritzeko, bi eta lau lagun arteko taldeak osatu behar dira, izen "polit" bat aukeratu eta antolatzaileek prestaturiko 100 esaerako zerrenda ikasi.
Hala, apirilaren 25eean, goizeko 11:00etan hasiko dute lehiaketa Sopelako Udaletxe plazan. Ohiko dinamikari jarraituz, 11:30ean abiatuko dute lehen fasea herriko tabernetan zehar. Parte-hartzaileek bertsoak entzun eta horiei loturiko atsotitzak identifikatu beharko dituzte.
Behin ibilbideetako txapeldunak izendatuta, 15:00etan bazkaria egingo dute Artadi garagardotegian, eta bertan jarraituko du lehiak arratsaldean. Finalaurrekoetan eta finalean, Aissa Intxausti eta Aner Peritz bertsolariak arituko dira koplatan. Eguna amaitzeko, 20:00etan, musikaz lagunduta itzuliko dira herrigunera.
Aurten, 31. Esaera Zaharren Txapelketa egingo dute, eta orain arteko nondik norakoak Aitor Fdez. de Martikorena Rodriguezek bildu ditu Sopelako Esaera Zaharren Txapelketa: edo nola (ez) antolatu herri-ekintzak izenburuko liburuan. Bertan, besteak beste, ekimen honen inguruko nondik norakoak eta herri-antolakuntzaren bueltako hausnarketak bildu ditu.