Sopelako tren turistikoko gidaria atxilotu dute, drogen eraginpean 35 ikasle garraiatzen ari zela

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 20a

Sopelako txu-txu trena, artxiboko irudian.

Ertzaintzak 45 urteko gizon bat atxilotu zuten aurreko eguenean Sopelan, tren turistikoa drogen eraginpean gidatzeagatik. Gidariak 35 ikasle eta bi irakasle zeramatzan barruan, baina, zorionez, ez da ezbeharrik gertatu.

Gertakaria apirilaren 16an, goizean izan zen, 10:00ak baino lehenago. Gidariak substantzien eraginpean gidatzen ari zela jakinarazi zioten Ertzaintzari. Bertaratutako agenteek gizonezkoa jarrera urdurian zegoela ikusita, agenteek drogen testa egitera behartu zuten, eta emaitza positiboa izan da.

Gainera, gizona miatu zutenean, hauts zuria zuen poltsatxo bat eta bederatzi pilula aurkitu zizkioten. Hori dela eta, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu batengatik atxilotu zuten gizonezkoa. Horrez gain, herritarren segurtasuna babesteko legearen arabera, zehapen administratiboa ere proposatu zioten drogen edukitzeagatik.

Atxilotua Getxoko ertzain-etxera eraman zuten dagozkion eginbideak betetzeko, eta behin horiek amaituta, epailearen esku utziko dute. Tren turistikoa geldiarazi egin zuten, eta ikasleak beste autobus batean eraman zituzten ikastetxera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun