Sopelako TAO zerbitzua eguneratu dute, eta egoiliarrentzako egoera berriak arautu dituzte

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 23a

Sopelako Udalak Trafiko eta Aparkaleku Ordenantza (TAO) eguneratzeko prozesua abiatu du, zerbitzua egungo beharretara egokitu eta azken urteetan sortutako "kasuistikak" konpontzeko asmoz. Hasierako onarpenaren ostean, alegazioak aurkezteko epea zabalik egongo da maiatzaren 27ra arte.

Ordenantzaren eguneraketa honek hainbat hobekuntza dakartza, nagusiki irisgarritasunaren, egoiliarren erregimenaren eta erabiltzaile maizenen kudeaketaren inguruan. Udalaren helburua sistemaren funtzionamendua hobetzea, egungo teknologiara egokitzea eta bai egoiliarrei, bai hondartzako eremuetan maiz ibiltzen diren bisitariei segurtasun juridikoa eskaintzea da.

Berrikuntza nabarmenetako bat mugikortasun murriztua duten pertsonen erregimenari dagokiona da. Orain arte, erreserbatu gabeko plazetan aparkatzeko, lehenik erreserbatutako guztiak beteta egotea eskatzen zen. Muga hori desagertu egingo da: txartela duten pertsonek edozein plaza libreta aparkatu ahal izango dute, bestelako baldintzarik bete behar izan gabe.

Egoiliarren kasuan, orain arte kontuan hartu ez ziren egoerak arautu dira. Esaterako, bigarren eskuko ibilgailuak erosten dituztenen kasuan edo beste udalerri batetik Sopelara bizitzera etorri diren herritarrentzat erraztasun gehiago ezarri dituzte. Zerga aurreko udalerrian ordainduta dutenek "maiztasun handiko erabiltzaile" gisa parekatuko dira, konparaziozko bidegabekeriak saihestuz.

Bestalde, maiztasun handiko erabiltzaileentzat muga zehatzagoak ezarriko dituzte: bigarren egoitzen kasuan, etxebizitza bakoitzeko gehienez bi abonu baimenduko dituzte, eta surfean edo parapentean aritzeko, aldiz, abonu bakarra. Parapentearen kasuan, gainera, kudeaketa zorrotzagoa egingo da.

Hondartzako parking-aren inguruko eztabaida

Ordenantzaren aldaketakaz batera, Udalak hondartzako aparkalekuen erregimena aztertu duela adierazi du. Ikerketaren ondorioz, baztertu egin dute eremu hori "egoiliarrentzat soilik" izateko aukera. Udalaren iritziz, neurri horrek plaza hutsak sortuko lituzkeelako eta garraio publikoa edo bizikletaren erabilera sustatu beharrean, autoa erabiltzera bultzatuko lituzte herritarrak. Gainera, arazoa inguruko kaleetara lekualdatuko litzateke, "muga efektua" sortuz.

Ondorioz, egoiliarrentzako doakotasuna ahalbidetzen duen egungo TAO sistema aukera orekatuena dela ebatzi dute, udan aparkaleku eskari handia kudeatzeko eta ibilgailuen errotazioa bermatzeko.

Eguneratutako araudiaren testu osoa eta xehetasun guztiak Udalaren webgunean edo egoitza elektronikoan kontsultatu daitezke. Herritarrek maiatzaren 27ra arteko epea dute alegazioak aurkezteko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun