Sopelak turismo irisgarriaren aldeko apustua indartu du eta Bizkaiko Flysch-eko panelak berritu ditu

Ander Zarraga 2026ko apirilaren 24a

Besteak beste, informazio-panelen altuera egokitu dute, irisgarriak izan daitezen. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak, Toki Garapen sailaren bitartez, Bizkaiko Flysch-aren informazio-panelak berritu ditu, turismo irisgarri, jasangarri eta hurbilekoaren aldeko konpromisoa sendotuz. 2025-2028 Turismo Plan Estrategikoaren barruan kokatuta, hobekuntza hauek panelen diseinua eguneratzeaz gain, irisgarritasuna nabarmen hobetu dute herritar eta bisitari guztientzat.

Sopelak geoturismoaren arloan erreferente izaten jarraitu gura du, Flysch-a helmuga turistiko jasangarri gisa garatzeko lehentasunezko baliabidea dela iritzita. Eremu honek natura, kultura eta milioika urtetako historia uztartzen ditu, eta berritze-lan hauen bitartez, udalerriko aberastasun geologikoa ezagutzeko aukera errazagoa eta inklusiboagoa eskaini gura dute.

Irisgarritasunari dagokionez, egindako aldaketak funtsezkoak izan direla azpimarratu dute Udaleko iturriek: panelen altuera txikitu dute eta hurbiltzea zailtzen zuen beheko barra kendu dute, horrela pertsona guztien sarbidea bermatuz. Proiektu hau Jata Ondo Landa Elkarteagaz lankidetzan gauzatu dute, Uribeko eskualde-estrategiaren barruan, eta Ekobideak enpresaren aholkularitza teknikoa izan du.

Mugikortasun jasangarria ardatz

Mugikortasun jasangarria udalerriaren balio bereizgarri gisa nabarmendu gura izan du Udalak, garraio publikoagaz konektatutako turismo-eredua bultzatuz. Hori bermatzeko, Metro Bilbao, hondartzakaz lotura duen Sopelbus zerbitzua eta 2027an martxan jarriko den BizkaiBizi bizikleta sarea ditu ardatz.

Eder Garcia Toki Garapen saileko zinegotziak adierazi duenez, "turismoak iraunkorra izan behar du, baina funtsezkoa da, ahal den neurrian, pertsona guztientzat irisgarria izatea". Etorkizunari begira, panel berrituek ematen duten aukera baliatuz, Toki Garapen sailak bisita gidatuak antolatuko ditu, horien xehetasunak Udalaren kanalen bidez jakinaraziko direlarik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun