Amaia Guenetxea izango da Sopelako EAJ-PNVren alkategaia 2027ko hauteskundeetarako

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 5a

Amaia Guenetxea Billabeitia EAJren Sopelako alkategaia izango da hurrengo udal-hauteskundeetan. © EAJ

Sopelako EAJk Amaia Guenetxea Billabeitia izendatu du 2027ko udal-hauteskundeei begira alkategai. Egungo zinegotzi jeltzaleak udal-kudeaketan duen "esperientzia zabala eta herriko gizarte-sareagaz duen lotura estua" baliatuko dituela iragarri du, egungo udal-gobernuaren "noraeza" eta "plangintza falta" salatu ondoren, herriari "kudeaketa serioa, hurbila eta anbiziotsua" itzultzeko asmoz.

Guenetxea Sopelako bizilaguna da eta gaur egun oposizioko zinegotzia da dedikazio esklusiboagaz. Bere ibilbide instituzionalean, alkateorde izan zen garaian, Kultura, Euskara eta Hezkuntza arloak kudeatu zituen, zerbitzu publikoen hobekuntzan eta gizarte-kohesioan oinarritutako profila landuz.

Sopelako alkategai jeltzaleak erakunde-eremutik haratago doan ibilbidea ere badu. Hainbat elkartegaz eta gizarte-eragilegaz lankidetza estua duela ere gaineratu du, bereziki dibertsitate funtzionalagaz lotutakoakaz (CEMEDETE, Down Sindromea, Aspace edo Fidias Fundazioa, besteak beste), eta tokiko kirol-esparruan ere oso aktiboa da.

Alternatiba "sendoa eta serioa"

EAJk egungo gobernu-taldearen jarduna kritikatu du, "inprobisazioa" eta "norabide falta" leporatuz. Testuinguru horretan, Guenetxearen hautagaitzak "herritarren lehentasunetan oinarritutako" alternatiba eskaini nahi du.

"Sopelak etorkizunean pentsatzen duen, herritarrei entzuten dien eta zorrotz jokatzen duen kudeaketa behar du", adierazi du Guenetxeak izendapenaren ostean. Jeltzaleek ziklo politiko berri bati ekin diote, "auzo guztien ongizatearekiko konpromisoa" ardatz hartuta, udal lidergoa berreskuratzeko helburuagaz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun