Jauzi Uribe Kostak kontzentrazioa deitu du garraio publikoaren hobekuntza eskatzeko

Izaro Garcia 2026ko maiatzaren 6a

Jauzi Uribe Kostaren ustez, egungo egoerak herri eta auzo asko "ia inkomunikatuta" uzten ditu garraio publikoaren bidez.

Uribe Kostako garraio publikoaren egoera salatzeko eta hobekuntzak eskatzeko, Jauzi Uribe Kosta talde ekologistak kontzentrazioa deitu du maiatzaren 7rako, Sopelako udaletxearen aurrean, 19:00etan. Ekimenagaz batera, sinadura bilketa kanpaina bat ere jarri dute martxan, instituzioei presioa egiteko xedeagaz.

Taldearen arabera, azken hamarkadan eskualdeak izan duen hazkunde demografikoak, Urduliz eta Gorlizko ospitaleak bezalako azpiegitura garrantzitsuek eta gero eta biztanle gehiagok lanerako egiten dituzten mugimenduek ez dute islatu garraio publikoaren eskaintzan hobekuntzarik. Egoera horren aurrean, metroaren zein autobus zerbitzuen gabeziak mahai gainean jarri dituzte.

Azken asteetan, talde ekologistak sinadurak biltzen aritu da hainbat udalerritan; hala nola Berangon, Larrabasterran, Sopelan, Urdulizen eta Plentzian, baita Gorlizko ospitalean ere. Kanpainak datozen asteetan jarraituko du, aldarrikapenak eskualde osora zabaltzeko asmoz.

Jauzi Uribe Kostaren ustez, egungo egoerak herri eta auzo asko "ia inkomunikatuta" uzten ditu garraio publikoaren bidez, eta horrek eragin zuzena du eguneroko mugikortasunean eta bizi-kalitatean.

Hiru eskaera nagusi

Taldeak hiru neurri zehatz proposatu ditu egoera iraultzeko. Batetik, metroaren maiztasuna handitzea eskatzen dute, bereziki Plentziarainoko tartean, sareko baxuena baita. Horretarako, Urdulizeraino hobekuntza teknikoak egiteko aukera badagoela diote, inbertsio handirik egin gabe.

Bestetik, autobus zerbitzuen ordutegiak luzatzea eta gaueko lineak berreskuratzea aldarrikatzen dute. Gogorarazi dute COVID-19aren aurretik bazegoela gaueko zerbitzua, baina arrazoirik gabe desagertu zela, eta horrek kalte egiten diela lanaldi berezietan ari diren herritarrei.

Azkenik, Bizkaibusen eskaintza handitzea proposatzen dute, bai lineen kopuruan, bai maiztasunean. Gaur egun eskualdea lotzen duten bi linea baino ez daudela salatu dute, eta horiek ere maiztasun txikikoak direla. Horrez gain, metroa iristen ez den herrietarako anezka zerbitzuak sortzea ere mahaigaineratu dute.

Mobilizazioa zein sinadura bilketagaz, Jauzi Uribe Kostak argi utzi gura du garraio publikoa hobetzea ez dela aldarrikapen isolatua, "eskualde osoaren beharra" baizik.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun