Ziurgabetasuna surfeatzen, Sopelako emakume ekintzaileentzako jardunaldi berritzailea

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 14a

Sopelako emakume ekintzaileak surfaren bidez ahalduntzeko saioa egingo dute ekainaren 12an. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen Arloak, EmakumeEkin elkarteagaz lankidetzan, Ziurgabetasuna surfeatzen izeneko jardunaldi berritzailea antolatu du ekainaren 12rako, herriko emakume ekintzaileei zuzenduta. Ekimen honek surfa baliatuko du metafora eta praktika gisa ekintzailetzaren berezko erronkei aurre egiteko, hala nola ziurgabetasunari, beldurrari edo erabakiak hartzeari, emakumeen arteko sareak sendotzeko eta ahalduntzea sustatzeko helburuagaz.

Proposamenak ekintzailetzaren erronkak beste ikuspegi batetik lantzea proposatzen du, esperientziatik eta gorputzetik abiatuta, hain zuzen ere. Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziaren ustez, ekintzailetzak gaitasun teknikoez gain, bere buruarekiko konfiantza eta laguntza-sareak behar ditu, eta horregatik jotzen du garrantzitsutzat mota honetako espazioak bultzatzea.

Jardunaldia hiru gunetan eta fasetan egituratuko dute, goizeko 09:30etik 15:00etara. Lehenik, saio bat egingo dute Kurtzio Kultur Etxean beldurrak eta blokeoak lantzeko; ondoren, surf esperientzia kolektibo bat biziko dute hondartzan Peña Txuri Surf Eskolaren laguntzagaz; eta, amaitzeko, hausnarketa eta networking saio bat egingo dute bizitakoa lan-eremura eramateko.

Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela beharrezkoa surfean aldez aurretik esperientzia izatea, helburua ez baita kirol-errendimendua, baizik eta ingurune aldakorretara egokitzeko gaitasuna lantzea. Ekimen honek emakume ekintzaileen errealitatea ikusarazi gura du, eredu jasangarriago eta kontzienteagoei buruzko hausnarketa sustatuz. Parte hartzeko plazak mugatuak dira, eta interesatuek maiatzaren amaierara arte daukate aukera informazio gehiago eskatzeko edo izena emateko udaleko Toki Garapen Arloaren bidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun