Proiektuaren aldaketari dagokionez, obran zehar sortutako eragozpen teknikoek hasierako jarduketa batzuk berriz aztertzera behartu dutela adierazi du Udalak, eta horrek obra-kontratua aldatzeko administrazio-izapideak abiaraztea eragin die, Sektore Publikoko Kontratuen Legeari jarraituz errealitate berrira egokitzeko.
Saneamendu-sareari dagokionez, berriz, ukitutako putzu guztien erregistroen kotak egokitu behar izan dituzte eta Ur Partzuergoaren oniritzia beharrezkoa dela ere zehaztu dute. Udalaren arabera, kutxatila horiek egokitzeko segurtasun-planaren eranskina onartu berri ditu, horrenbestez, partzuergoak nahitaezko jakinarazpena entregatu bezain laster lanei berriro ekitea aurreikusten dute.
Gatzarriñeko eta Urgitxieta kaleko biribilguneko proiektu honek 366.226,90 euroko hasierako inbertsioa eta 76 eguneko egikaritze-epea zituen. Lanen helburu nagusia Sopelako mugikortasun jasangarriaren azterlanari erantzutea zen, auto-ilarak saihesteko, Lemotza ibaiaren gainean oinezkoentzako pasabide txiki bat eraikitzeko, semaforoa kendu eta zebrabidea goratuz ibilgailuen abiadura moteltzeko, eta oinezkoen segurtasuna bermatzeko.
Jakinarazpenagaz batera, Udalak barkamena eskatu du sortutako eragozpenengatik eta eskerrak eman dizkie Larrabasterrako bizilagunei erakusten ari diren pazientziagatik, eta laster lanen amaiera epeen eta azken kostuen inguruko informazio zehatzagoa emango duela hitzeman du.