Sopelako jaietako soinu-banda iragarri dute!

Ander Zarraga 2026ko maiatzaren 21a

Ekainaren 28an, La Txama taldearen kontzertua izango da Sopelako Txosnagunean. © LA TXAMA

Sopelako Udalak aurtengo sanpedroetan eta Larrabasterrako Karmen jaietan izango den musika programazio zabala aurkeztu du. Lehendabizi, herriko jai nagusiak ekainaren 25etik 29ra ospatuko dituzte, eta kontzertuak txosnagunearen zein Udaletxeko plazaren artean banatuko dituzte. Aldiz, Larrabasterrako karmenak uztailaren 15etik 19ra izango dira, eta kontzertu nagusiak Urgitxieta plazan izango dira.

Aurten jai-batzordeak iragarri du apustu argia egingo duela tokiko musikari eta artistei lekua egiteko. Hala, kartel honetan parte hartuko dute, besteak beste, Xabi Aburruzagak, Meñakoz Dantza Taldeak, Gorka Granadok (Makilhots), Aitzol Iraolak eta Libe Urrutiak (Nonbait eta Zinema Paradise) baita Rise To Fall taldeak ere. Aipatutakoez gain, herriko musika taldeei jaietan jotzeko deialdia ere egin diete; hamar bat taldek eman dute izena, eta datozen egunetan erabakiko dute zeintzuk izango diren aukeratuak. 

Jaietan arituko diren musika taldeak daborduko aurkeztu dituzten arren, jai-batzordeak beste hainbat ekintza antolatzen jarraitzen duela adierazi du. Musikaz harago, adin guztientzako askotariko ekintza kulturalak prestatzen ari dira: kale antzerkia, dantza ikuskizunak, kale animazioa, zirkoa eta bestelako diziplina artistikoak ere izango dira ikusgai. Diotenez, helburua jai herrikoi, parte-hartzaile, euskaldun eta parekideak bermatzea da. Jaietako egitarau osoa ekainaren hasieran argitaratuko dutela iragarri dute.

Jaietako kontzertuak:

Sopelako jaiak – San Pedro (ekainak 25–29)

Txosnagunean:

  • Ekainak 25 (eguena): Trikidantz
  • Ekainak 26 (barikua): Sua + Hija del Nopal
  • Ekainak 27 (zapatua): Mambo Express
  • Ekainak 28 (domeka): La Txama
  • Ekainak 29 (astelehena): Nonbait

Udaletxeko plazan:

  • Ekainak 25 (eguena): Mescalina
  • Ekainak 26 (barikua): Albina & Divina + Cherry & The Ladies
  • Ekainak 27 (zapatua): Janus Lester
  • Ekainak 28 (domeka): Zinema Paradise
  • Ekainak 29 (astelehena): Xabi Aburruzaga + Meñakoz Dantza Taldea

Larrabasterrako jaiak – Karmenak (uztailak 15–19)

Urgitxieta plazan:

  • Uztailak 15 (asteazkena): Etzakit
  • Uztailak 16 (eguena): Rise To Fall + The Clams
  • Uztailak 17 (barikua): Manny Calavera
  • Uztailak 18 (zapatua): Xiberoots
  • Uztailak 19 (domeka): Folklore Bizian + Makilhotsak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun