"Hemendik aurrera, herritar batek Sopelako Udalera deitzen duenean, lehen hitza euskaraz egingo zaio"

Laura Fontalba Colomo 2026ko maiatzaren 26a

Udal-langileen hizkuntza-ohiturak euskalduntzek ikastaro bi eskainiko dituzte.

Sopelako Udalak Euskararen Erabilera Normalizatzeko Plana eguneratu du, Hizkuntza Ofizialak Erabiltzeko Irizpideakaz herritarrei zerbitzua hizkuntza ofizial bietan eskaintzea bermatzeko asmoagaz.  

Udal-arduradunek adierazi duten moduan, EAEko herritarrek erakundeetan bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko eskubidea izan beharko lukete, eta plan honen bidez, eskubide hori beteko dute, erakundeak bi hizkuntza ofizialen erabilera kudeatzeko tresnak eskura izango dituelako. 

Honi esker, Udalak eskaintzen dituen arlo guztietan euskara erabiliko da: telefonoz zein telematikoki jaso daitekeen arretan, Udaletik bidalitako jakinarazpenetan, ziurtagirietan eta gisa horretako dokumentuetan, baita webgunearen bitartez egin ahal diren tramite guztietan ere. Gainera, iragarri dutenez, erakundean dauden errotulu guztiak ere elebitan jarriko dituzte, euskarari lehentasuna emanez.

Udaletik nabarmendu dute erabakiak elebitasuna bermatuko duela: "Herritar batek Sopelako Udalera deitzen duenean, lehen hitza euskaraz egingo zaio, eta herritarrak erabakiko du gurekin euskaraz jarraitu nahi duen edo gaztelaniaz hitz egin nahi duen".

Ildo horretan, azaldu dute langileen hizkuntza ohitura formalak zein informalak euskalduntzeko asmoagaz bi ikastaro eskainiko dizkietela: testugintzari dagokion euskarari buruzko prestakuntza-ikastaro espezifikoa, Uribe Kostako Mankomunitateen bitartez, eta ahozko komunikazioa indartzeko ikastaroa, Sopelako Udal Euskaltegiaren bitartez. 

Azkenik, Udalak ohartarazi du planak barne- zein kanpo-harremanetan euskararen erabilera sustatzea duela helburu, euskal hiztunen egunerokotasuna erraztuz. 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun