Omenaldiekitaldia 12:00etan hasiko da ikastolan bertan, eta agurraren ostean Apaiz Gartzela dokumentalaren pasarteak proiektatuko dituzte; gainera, Xabier Amuriza eta Ritxi Lizartza gonbidatu izango dira. Ikastolako ikasleen ekoizpenek ere tokia izango dute ekitaldian, Eskutitza abestia kantatuko baitute, eta amaieran monolitoan lore eskaintza egingo dute.
Nikola Telleria (Nabarniz, 1916 – Sopela, 1975) Sopelako apaiza izan zen, gau-eskolan euskarako irakaslea eta Ander Deuna Ikastolaren sortzaileetako bat; kartzelan ere izan zen Zamoran, eta euskararen eta eskubideen aldeko borrokan nabarmendu zen. Ikastolak gogora ekarriko du haren ibilbidea, "izan zirelako izango gara" mezua ardatz hartuta.
Omenaldiaz harago, Udaberriko Jaiak eguneko egitarau zabala izango du: 10:00etan LH eta BHko kirol ekintzek zabalduko dute festa, 11:00etan HHkoentzako herri kirolak egingo dituzte, eta 12:30ean pandero kalejira abiatuko da. Arrastian, umeen bazkaria (13:45) eta magoa, helduen bazkaria (14:45) eta ondorengo bertsoak eta bingo musikatu izango dira, ikastolako zozketagaz batera; 16:30ean ur-jolasak, 17:00etan musika, eta 21:00etan emango diote amaiera jaiari. Bazkarietarako txartelak ikastolako bulegoan egongo dira salgai, eta etxetik edalontzia eramateko eskatu dute.