Nikola Telleriari omenduko dute ekainaren 6an, Ander Deuna Ikastolako Udaberriko Jaian

Ander Zarraga 2026ko ekainaren 4a

Nikola Telleria Zamora apaiz kartzelan egon zen sei urtez, minbiziak jota askatu zuten arte. © NIKOLAREN LAGUNAK SOPELA

Ekainaren 6an, zapatua, Sopelako Ander Deuna Ikastolak Udaberriko Jaia ospatuko du 10:00etatik aurrera. Antolatu dituzten ekintzen artean, Nikola Telleria apaiz eta euskararen aldeko ekintzailea gogoratuko dute, bera izan baitzen ikastolaren sortzaileetako bat. Gainera, egun osoko programazioak kirola, kalejira, bazkariak eta ikuskizunak izango ditu.

Omenaldiekitaldia 12:00etan hasiko da ikastolan bertan, eta agurraren ostean Apaiz Gartzela dokumentalaren pasarteak proiektatuko dituzte; gainera, Xabier Amuriza eta Ritxi Lizartza gonbidatu izango dira. Ikastolako ikasleen ekoizpenek ere tokia izango dute ekitaldian, Eskutitza abestia kantatuko baitute, eta amaieran monolitoan lore eskaintza egingo dute.

Nikola Telleria (Nabarniz, 1916 – Sopela, 1975) Sopelako apaiza izan zen, gau-eskolan euskarako irakaslea eta Ander Deuna Ikastolaren sortzaileetako bat; kartzelan ere izan zen Zamoran, eta euskararen eta eskubideen aldeko borrokan nabarmendu zen. Ikastolak gogora ekarriko du haren ibilbidea, "izan zirelako izango gara" mezua ardatz hartuta.

Omenaldiaz harago, Udaberriko Jaiak eguneko egitarau zabala izango du: 10:00etan LH eta BHko kirol ekintzek zabalduko dute festa, 11:00etan HHkoentzako herri kirolak egingo dituzte, eta 12:30ean pandero kalejira abiatuko da. Arrastian, umeen bazkaria (13:45) eta magoa, helduen bazkaria (14:45) eta ondorengo bertsoak eta bingo musikatu izango dira, ikastolako zozketagaz batera; 16:30ean ur-jolasak, 17:00etan musika, eta 21:00etan emango diote amaiera jaiari. Bazkarietarako txartelak ikastolako bulegoan egongo dira salgai, eta etxetik edalontzia eramateko eskatu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun