Udalak azaldu duenez, salaketak ikuspegi teknikotik eta juridikotik aztertu ditu, eta dagozkien administrazio-espedienteak ireki ditu. Lehen urrats gisa, salatzaileari informazioa osatzeko eskatu zitzaion, salaketetan hainbat zehaztasun falta zirelako; besteak beste, helbide batzuen inguruko zalantzak, salatzailearen kredentzialen gaineko argibideak eta kasu batzuetan froga edo zantzu nahikorik ez izatea. Udalaren arabera, salatzaileak ez die errekerimendu horiei erantzun.
Informazio osagarriaren fasea amaitutzat emanda, Udalak prozeduragaz aurrera egitea erabaki du, eta orain ikuskapen-faseari ekingo dio. Horretarako, beharrezkotzat jotzen den kasuetan eta nahikoa zantzu daudenean, salatutako etxebizitzetara sartzeko baimena eskatuko du formalki, ustezko irregulartasunak bertatik bertara egiaztatzeko.
Udalak gogorarazi du etxebizitzetara sartzeak oinarrizko eskubideei eragiten diela, hala nola etxebizitzaren bortxaezintasunari eta intimitateari. Horregatik, sarbide oro behar bezala justifikatu beharko da, eta benetako egiaztapen-premia bati erantzun beharko dio.
Ikuskapenen ondorioak jaso ondoren, zerbitzu tekniko eta juridikoek erabakiko dute hurrengo urratsak zeintzuk izan behar diren. Aukeren artean salaketak artxibatzea, hirigintza-legezkotasuna berrezartzeko edo legeztatzeko prozedurak abiatzea eta, hala badagokio, zigor-prozedurak martxan jartzea daude.
Sopelako Udalak jakinarazi du Bizkaiko Foru Aldundiari laguntza juridikoa eskatu diola, prozedurek udaleko zerbitzu teknikoak ez kolapsatzeko. Aldundiaren erantzuna, ordea, ezezkoa izan da, hirigintza-ikuskaritzaren arloan laguntza-zerbitzurik ez duelako.
Udalak nabarmendu du bere esku dagoen guztia egingo duela salaketei erantzuteko eta hirigintza-legezkotasuna bermatzeko. Era berean, gogorarazi du lurzoru urbanoetan halako prozedurak lau urteko epean hasi eta ebatzi behar direla, Udalak ustezko irregulartasunen berri duenetik zenbatzen hasita.