Lehen Eraiki Label ziurtagiria eman diote Sopelan eraikitako etxebizitza babestuen sustapen bati

Laura Fontalba Colomo 2026ko ekainaren 8a

EraikiHUBen aurkezpena Sopelan. © SOPELAKO UDALA

Pasa den barikuan, Eusko Jaurlaritzak lehen Eraiki Label ziurtagiria eman zion Sopelako etxebizitza babestuaren sustapenari. Gainera, ekitaldian, EraikiHUB aurkeztu zuten EAEn, bertan eraikuntza industrializatua "produkzio-eredu berri gisa sendotzeko" azeleratzaile modu jarduten duena.

Denis Itxasok, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, EAEn egindako EraikiHUBen eta Sopelan Visesaren babes publikoko 33 etxebizitzaren sustapenari lehen Eraiki Label ziurtagiria emateko ekitaldiaren aurkezpena egin zuen. 

Azaldu zuenez, ziurtagiri horrek etxebizitzak industria-produkzioaren, elkarreragingarritasunaren eta trazabilitate digitalaren irizpideen arabera diseinatu eta gauzatu zirela erakusten du, Tecnalia tresnaren bidez estandar tekniko komunak ezarritako irizpideakaz. Dioenez, "merkatuan konfiantza sortzea, inbertitzaileentzako eta finantza-erakundeentzako arriskuak murriztea eta eraikuntza-sistema industrializatuetan oinarritutako proiektuen finantzaketa erraztea" izan da horren helburua.

Ekitaldiak Unai del Burgo Sopelako jarduneko alkatea, Eusko Jaurlaritzako ordezkaria, enpresa sustatzaile eta eraikitzailea, zentro teknologikoa eta industrializazio-ekosistemako eragilea elkartu zituen. Bertan, Sopelako jarduneko alkateak azaldu zuen Sopelan etxebizitzaren arazoa herritarren kezka nagusietako bat dela; beraz, arazoari aurre egitea eragile guztien lehentasuna izan beharko litzatekeela. "Sopelako Udala elkarlanerako konpromiso horretan berresten da, eta emaitza positiboa begi bistakoa da Asuko etxebizitza publikoko sustapen berri honetan", adierazi zuen berak. Era berean, gaineratu zuten EraikiHUB lekuko erronka sozial eta ekonomiko nagusietako bati erantzuteko sortu dutela: "etxebizitza merkeagoa, efizienteagoa eta jasangarriagoa sortzeko beharrari erantzuteko".

Ildo horretan, Itxasok eraikuntzaren industrializazioa etxebizitza eskuratzeko erronkari erantzuteko palanka estrategikoetako bat dela azpimarratu zuen. "EraikiHUBrekin eta lehen Eraiki Label ziurtagiriarekin erakutsi nahi dugu eraikuntza industrializatua ez dela helburu bat, Euskal Autonomia Erkidegoan dagoeneko kalitatezko etxebizitzak eraikitzen ari den errealitate bat baizik", nabarmendu zuen.

Azkenik, azpimarratu zutenez, lehen ziurtagiria emateko ekitaldia horretan Sopelako sustapena ahalbidetu duten hiru eragileak bildu ziren: Visesa sustatzaile gisa, Carlos Quindosek ordezkatuta; Viuda de Sainz eraikuntza-enpresa; eta proiektu-taldea. Ziurtagiriaren bidez  "guztiek batera lan egin dutela eredu industrializatuaren baldintzak betetzen dituen eraikin bat egiteko" aitortu zuten. EraikiHUB martxan jartzeagaz eta lehen Eraiki Label ziurtagiria entregatzeagaz batera, EAEk etorkizunerako ekoizpen-eredu gisa eraikuntzaren industrializazioaren aldeko apustuan "urrats zehatz eta egiaztagarria" egin duela erakutsi zuten.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun