Sopelak bisita gidatuak antolatu ditu udarako, Flysch Bizkaia ardatz hartuta

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 8a

Bisita guztiak goizez egingo dira eta doakoak izango dira.

Sopelako Udalak bisita gidatuen programa jarriko du martxan uda honetan, udalerriko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei zein bisitariei hurbiltzeko. Egitasmoa uztailaren 12an abiatuko da, eta aurten arreta berezia jarriko dute Sopelako Flysch Bizkaia sustatzean.

Toki Garapen Sailak antolatu du programa, Sopelako Turismo Bulegoaren bidez. Udalaren arabera, helburua Sopela turismo jasangarrirako helmuga gisa indartzea da, naturaren, paisaiaren, kulturaren eta milioika urteko historia geologikoaren balioa nabarmenduz.

Bisita guztiak goizez eta doakoak izango dira. Gainera, jarduera bakoitza landuko den gaian espezializatutako inguruko enpresen laguntzagaz egingo dute, parte-hartzaileei esperientzia hurbila eta kalitatezkoa eskaintzeko.

Programak hainbat ibilbide bilduko ditu datozen hilabeteetan. Lehenengoa, Panelen Ibilbidea, uztailaren 12an egingo dute. Ondoren etorriko dira Santa Marina baseliza eta Munarrira bisita, Meteoritoaren Ibilbidea, Meñakozeko kuxin labak, Burdin Hesiaren Ibilbidea eta Itsaslabarren Ibilbidea.

Udalak Sopelako Flyschean duela gutxi jarritako interpretazio-mahaiek bisitarien esperientzia aberastuko dutela nabarmendu du. Horien bidez, ingurune naturalaren balio geologikoa eta paisajistikoa modu errazagoan ulertu ahal izango da.

Informazio gehiago jasotzeko edo erreserba egiteko, Sopelako Turismo Bulegoagaz jarri behar da harremanetan, turismo@sopela.eus helbidera idatzita edo 94 406 55 19 telefonora deituta.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun