Sopelako Udalak diziplina-espedientea ireki dio Udaltzaingoko agente bati

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 9a

Agenteari behin-behinean enplegua eta soldata eten dizkiote.

Sopelako Udalak jakinarazi du diziplina-espedientea ireki diola Udaltzaingoko agente bati, Espainiako Polizia Nazionalak joan den eguenean atxilotu ondoren. Udalak zabaldu duen informazioaren arabera, agentea epailearen esku utzi zuten barikuan, eta kautelazko neurriakaz aske geratu zen.

Gertatutakoaren aurrean, Udalak  diziplina-espedientea berehala ireki duela adierazi du, zerbitzu publikoaren jardun egokia bermatzeko eta herritarrek erakundeengan duten konfiantza zaintzeko helburuagaz.

Horrez gain, kautelazko neurriak ere hartu ditu: agenteari behin-behinean enplegua eta soldata eten dizkiote, eta zerbitzuko arma zein laneko txartela kendu dizkiote, ikerketa garatzen den bitartean eta gertakariak argitu arte.

Udalak azaldu du agintaritza eskudunakaz elkarlanean jarraituko duela, eta prozeduraren bilakaeraren arabera hartuko dituela dagozkion erabakiak, bai jarduketa judizialen bai administratiboen emaitzak kontuan hartuta.

Prozedura irekita dagoenez eta datu pertsonalen babesa bermatzeko, Udalak ez du informazio gehiagorik emango agentearen identitateari edo ikerketaren edukiari buruz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun