Sopelako Udalak biodibertsitatea sustatzeko proba pilotua abiatu du Ingestabason

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 10a

Udalak lau gunetan egingo du proba, 2.600 metro koadro inguruko azaleran. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak proba pilotu bat jarri du martxan Ingestabaso kaleko hainbat berdegunetan, udalerriko biodibertsitatea indartzeko eta espazio publikoak modu naturalagoan kudeatzeko. Neurriaren bidez, eremu jakin batzuk moztu gabe utziko dituzte urtearen tarte batean, basoko loreak hazteko eta intsektu polinizatzaileentzat, hegaztientzat eta bestelako espezieentzat habitat egokiagoak sortzeko.

Guztira, lau gunetan egingo dute proba, 2.600 metro koadro inguruko azaleran. Udalak azaldu duenez, helburua ez da berdeguneak zaindu gabe uztea, soropilaren ohiko mantentze-lanak egokitzea baizik, ingurune horiek biziagoak, anitzagoak eta erresilienteagoak izan daitezen.

Ekimen hau Sopelako Zuhaizti Planeko kudeaketa-proposamenen barruan kokatzen da, eta joan den martxoan egindako Sopelako Eraztun Berdearen Kontseiluan eskatu zen martxan jartzea. Udalaren asmoa egungo berdeguneak gaur egungo ingurumen-erronketara hobeto egokitzea da.

Proba pilotuaren bidez, espezie autoktonoen presentzia handitu, hiri-eremuetako habitat-ak hobetu zein herritarren eta naturaren arteko lotura indartu gura dute. Gainera, kudeaketa-eredu horrek lurzoruaren kalitatea hobetzen lagun dezake, hezetasuna atxikitzeko gaitasuna handituz; eta mantentze-lanei lotutako emisioak ere murriztu ditzake, mozketen maiztasuna txikiagoa izango delako.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun