Ekimenaren hazia Sopelako Pandero Joleen taldean erein zen. Taldeko kide batek irrintzia errepertorioan sartzeko proposamena egin zuen, eta, handik gutxira, Nafarroako Erronkariko Bidankoze herritik Euskararen Egunean parte hartzeko gonbita jaso zutela azaldu dute jai-batzordeko kideek. Esperientzia hark arrasto handia utzi zien: "Egun horretan, araneko beste herrietako kideekin irrintziak bota genituen eta horrek markatu egin gintuen, baita motibatu ere". Hain zuzen ere, orduan otu zitzaien irrintziaren inguruko lan-talde bat eta, geroago, txapelketa antolatzeko ideia.
Bidean, irrintziaren inguruko ikerketa ere egin du, eta Pandero Joleetako kide baten dokumentazioa baliatuta, ikasi dute irrintzia oihu luze, zorrotz eta hats bakarrekoa dela. Antzina, haranen eta mendien artean komunikatzeko erabiltzen zena; gaur egun, berriz, ospakizun eta erromerietako pozaren sinbolo da.
Tradizioak berreskuratzea da, hain zuzen ere, taldearen helburu nagusietako bat; horregatik, irrintzi-ikastaroa ere sortu zuten, ohitura berreskuratu eta jendea jarduera horretan parte hartzera animatzeko. Gainera, jaietan antolatzen duten txapelketak gero eta harrera hobea duela ere gaineratu dute. "Lehenengo ediziotik plazako giroa ona izan da, eta edizio bakoitzean hobekuntzak eta ideia berriak txertatzen joan gara". Aurten ere bide beretik jarraitzeko asmoa dute.
Lehiaketari dagokionez, irrintziak arau argiak ditu: ezinbestekoa da hats bakarrean eta etenik gabe egitea; bestela, ez da baliozkotzat joko. Epaimahaikideek hiru alderdi hartzen dituzte kontuan: indarra, iraupena eta amaiera.
Baina txapelketaren helburua puntuazioetatik harago doala azpimarratu dute. Antolatzaileen esanetan, irrintzia herritarren bizitzan txertatu nahi dute, eta oihu kolektibo horren bidez parte-hartzea, komunitatea eta tradizioarekiko lotu.
