30 emakume ekintzailek ziurgabetasuna "surfeatu" zuten Arrietarako olatuetan

Izaro Garcia 2026ko ekainaren 17a

Antolatzaileen esanetan, erortzea ere ikaskuntza-prozesuaren parte da, bai surfean bai ekintzailetzan. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen Sailak antolatutako surf eta ekintzailetza jardunaldi berritzaileak harrera bikaina izan du. Ekainaren 12an egin zen ekimenean 30 emakume ekintzailek parte hartu zuten, eta antolatzaileek nabarmendu dutenez, izena emateko itxaron-zerrenda ere sortu zen, ekitaldiak piztu zuen interes handiaren erakusgarri. 

Jardunaldia Kurtzio Kultur Etxean abiatu zen. Bertan, Sopelatik, Getxotik, Santurtzitik, Galdakaotik eta Bilbotik etorritako emakumeek ekintzailetzaren bidean agertzen diren oztopo eta erronkei buruz hausnartu zuten. Beldurrak, zalantzak, autolimitazioak eta horiek erabaki profesionaletan duten eragina izan zituzten hizpide, surfaren metafora abiapuntu hartuta. 

Goiz erdian, parte-hartzaileak Arrietara hondartzara joan ziren, Peña Txuri Surf Eskolaren eskutik hitzaldi eta surf saio batean parte hartzera. Bertan, surfaren eta ekintzailetzaren arteko antzekotasunak landu zituzten modu praktikoan: ingurua interpretatzen ikastea, dena norberaren kontrolpean ez dagoela onartzea eta une egokiaren zain egoten jakitea, edo ziurgabetasunen gainetik ausartzea. 

Antolatzaileen esanetan, erortzea ere ikaskuntza-prozesuaren parte da, bai surfean bai ekintzailetzan. Gauzak espero bezala ez ateratzeak ez du esan gura helmugarik ez dagoenik; aitzitik, berriro arraunean hasi eta hurrengo aukera bilatzeko gonbita da. 

Jardunaldia networking saio bategaz amaitu zen. Parte-hartzaileek esperientziak eta ikaskuntzak partekatu zituzten, kontaktu berriak egin eta etorkizuneko lankidetzen oinarriak jartzeko aukera izan zuten. 

Esperientziaren balorazioa oso positiboa izan zen. Parte-hartzaileek nabarmendu zuten jardunaldiak aukera eman ziela beren erosotasun-eremutik ateratzeko eta beste emakume batzuekaz batera erronka berri bati aurre egiteko, beldurra erlatibizatzen eta esperientziaz gehiago gozatzen lagunduz.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun