Udalak azaldu duenez, surf sektoreareagaz elkartu da enpresen beharrak eta proposamenak aztertzeko. Jasotako ekarpenetan oinarrituta, udal-gobernuak lizitazio-eredu bat proposatu zuen, baina zerbitzu teknikoek baztertu egin zuen, arrazoi juridikoak argudiatuta.
Horren ondoren, eta tokiko surf eskolak ere lizitazio prozeduragaz ados ez daudela adierazi eta gero, Udalak azaldu du egungo prozeduran atzera egitea eta elkarrizketa-tarte berri bat zabaltzea erabaki duela, tokiko surf sektoreagaz eta inplikatutako gainerako eragileakaz hausnarketa partekatua egiteko. Azpimarratu dutenez, helburua sektoreagaz adostasunak lortzea da eta jardueraren garapenean segurtasun juridikoa bermatzea da. Surf eskolak, euren aldetik, Udalagaz lan-talde bat sortzen ari direla baieztatu dute, eta "urak baretu arte" zain geratuko direla gaineratu dute, gertatutakoa "etxeko" prozesua izan behar dela adieraziz.
Sopelako Udalak nabarmendu du surfaren sektorea estrategikoa dela udalerriarentzat, eta berretsi egin du eskolakaz lankidetzan jarraitzeko eta gaur egungo baldintzak hobetzeko konpromisoa duela. Aldiz, EAJren iritziz, gertakari hau Sopelako kostaldeari "gaur egun eragiten dioten beste arazo batzuen zerrendara gehitzen da, eta agerian uzten du ez dagoela estrategia argirik udalerriko kirol, turismo eta ekonomia-aktibo nagusietako bat kudeatzeko". Era berean, jeltzaleek adierazi dutenez, Sopelako hondartzetako surf-jardueren lizitazioak ziurgabetasuna sortzen du tokiko eragileen artean, eta horrek eragina izan dezake udako denboraldian, jarduera ekonomikoan eta surfaren bueltako elkarte-sarean.