EHUren UdalHez proiektuaren baitan eta herriko eragile ugariren parte-hartzeagaz egindako lanketaren ondoren, "haurren eta nerabeen ongizatea, parte hartzea eta garapena" sustatuko dituen Hezkuntza Proiektu Komunitarioa landu duela jakinarazi du Udalak.
Azaldu duenez, UdalHez proiektua Euskal Herriko Unibertsitateak sustatutako ikerketa eta transferentzia ekimena da, eta udalerrien eta hezkuntza sistemaren arteko lankidetza indartzea du helburu, haur eta nerabeen ongizatea, inklusioa eta parte hartzea sustatuko dituzten hezkuntza proiektu komunitarioak garatuz.
Prozesua 2025ean abiatu zuten; guztira, zazpi lan-saio egin dituzte, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 503 ikasleren ekarpenak ere jaso dituzte. "Haur eta nerabeen ongizatean eragina duten erronka eta aukera nagusiak identifikatu dira", azpimarratu du Udalak; besteak beste: aukera berdintasuna indartzea, herrira iristen diren familien harrera eta integrazioa hobetzea, gazteek parte hartzeko espazioak sendotzea, euskararen erabilera sustatzea, hezkuntza formalaren eta ez-formalaren arteko koordinazioa indartzea eta egoera zaurgarrian dauden umeei eta gazteei arreta handiagoa eskaintzea.
Gaineratu duenez, Udaleko Hezkuntza Kontseilua Hezkuntza Proiektu Komunitarioaren garapena gidatuko duen espazio instituzionala izango da, eta, aldi berean, herriko hezkuntza eragileen arteko koordinazioa eta lankidetza indartzeko gunea, hezkuntza komunitateko ordezkarien, udal ordezkarien eta gizarte, kultura zein kirol arloko eragileen parte-hartzeagaz.
Udalak azpimarratu duenez, umeen eta nerabeen hezkuntza ez da ikastetxeen ardura soilik, herri osoarena baizik; horregatik uste dute Sopelako Hezkuntza Proiektu Komunitarioak herriko eragile guztiak norabide berean lan egitera bideratuko dituela, "haurrek eta gazteek herrian hazteko, parte hartzeko eta euren bizi proiektua garatzeko baldintza egokiak izan ditzaten".