Sopelako Udalak Barinatxe hondartzaren sarrera egonkortzeko sei aukera proposatu ditu

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 7a

Mendi hegala sare bidez egonkortzea aukerarik onena dela erabaki dute.

Sopelako Udalak adierazi duenez, Barinatxe hondartzara sartzeko arrapalaren gaineko ezpondaren "egonkortasuna bermatzeko" alternatiben azterlana aurkeztu die udal talde guztiei eta inplikatutako administrazio publiko guztiei.

Azken urteotan gertatutako hainbat lur irristatzek arrapalaren erabilera normalizatua eragotzi dute, eta, ondorioz, ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbidea itxita geratu da; bakarrik garbiketa eta larrialdi zerbitzuetako ibilgailuak sar daitezke. Udalak azaldu duenez, Barinatxe hondartzarako sarbide hori ezinbestekoa da garbitasuna, segurtasuna eta irisgarritasuna bermatzeko. Hori dela eta, bidein ingeniaritzak sei aukera eman ditu mendi hegaleko ezponda egonkortzeko eta, hala, hareatzara sartzeko arrapala egonkortzeko. 

Aukera horiekaz, erabiltzaileengan eta zerbitzuengan duen eragina, eta ingurumena eta kostu ekonomikoa kontuan hartu eta gero, mendi hegala sare bidez egonkortzea aukerarik onena dela erabaki dute. Alde horretatik, hasiera batean, 400.000 euroko inbertsioa egin beharko da, eta, gerora, urtero, 30.000 euroko mantentze lanak egin beharko lirateke.

Sopelako Udalak azpimarratu duenez "oso garrantzitsua da administrazioen arteko lankidetza Barinatxe hondartzaren arazo konplexuari erantzuteko"; izan ere, hareatza horrek, 2025eko udan, 171.000 bisitari jaso zituen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun