Esku-hartzea udal kiroldegiaren eta Ugeragako futbol-zelaiaren parean dagoen 10.000 metro koadro inguruko eremuan egingo dute. Bertan, 3.000 metro koadrotik gorako ur-xafla iraunkorra izango duen aintzira naturala sortuko dute, sakonera desberdinakaz, uharte txikiakaz eta fauna babesteko egiturakaz. Diseinu horri esker, uretako hegaztiek, anfibioek, narrastiek eta hezeguneei lotutako intsektuek habitat egokiak izango dituzte.
Une honetan, sastrakak kentzeko eta lurra prestatzeko lehen lanak egiten ari dira. Lan horiek eskuz eta faseka egingo dituzte, inguruko faunari ahalik eta eragin txikiena eragiteko zein natur balio handiena duten elementuak babesteko. Ondoren, lurzoruaren ezaugarriak aztertzeko zundaketak egingo dituzte, eta, amaitzeko, lur-mugimenduei ekingo diete aintzirari behin betiko forma emateko. Aurreikuspenen arabera, obrek uda osoan iraungo dute.

Lehengoratze-lanek landare inbaditzaileak kentzea eta baso atlantikoetako bertako landaredia berreskuratzea ere aurreikusten dute. Horrez gain, oinezkoentzako bide berri bat egingo dute, herritarrek berreskuratutako espazioa ezagutu eta bertaz gozatzeko aukera izan dezaten. Landaketa berriek, gainera, Urkoko hezeguneen eta ibai-ingurunearen arteko lotura ekologikoa indartuko dute.
Proiektua diseinatzeko garaian, tokiko balio naturalak kontuan hartu dituzte. Egindako azterlanek erakutsi dute kontserbazioaren ikuspegitik interes berezia duten hainbat espezie bizi direla inguruan; horregatik, obrek fauna eta habitat horiek babesteko neurri espezifikoak jasotzen dituzte.