URAk eta Sopelako Udalak aintzira naturala sortuko dute Urkoko ibarrean

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 13a

Urkoko ibarrean aurreikusitako lehengoratzea. © SOPELAKO UDALA

Ingurumena lehengoratzeko eta paisaia egokitzeko lanen bidez, eta biodibertsitateari mesede eginez, espazio degradatu batean aintzira iraunkor handi bat sortuko dute; askotariko sakonera, uharte eta faunarentzako babeslekuekaz.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailari atxikitako URA-Uraren Euskal Agentziak eta Sopelako Udalak adierazi dutenez, erabaki horregaz, hiri-hezegune berri bat sortu ahal izango da udalerrian, eta Gobela eta Lemotza ibaien artean dagoen espazio baten balio ekologikoa hobetuko da.

Udalak dioenez, esku-hartzea 10.000 metro koadro inguruko eremu batean egingo da, udal kiroldegiaren eta Ugeragako futbol-zelaiaren parean. "Ur-xafla hori askotariko sakonerekin diseinatu da: uretako hegaztientzat, anfibioentzat, narrastientzat eta hezeguneei lotutako intsektuentzat egokiak diren habitatak sortzeko", adierazi dute, zera gehituz: "Gainera, faunarentzako atsedenerako uharte txikiak eta espezie askoren babesleku izango diren egitura naturalak prestatuko dira". 

Obren helburua ingurunean dauden espezieen biodibertsitatea handitzea eta Sopelako hiri-bilbean integratutako natur-gune bat finkatzea dela nabarmendu dute, klima-aldaketara egokitzeko eta herritarrei naturaragaz harremanetan egoteko espazio berriak eskaintzeko.

Proiektuaren obrak 

Udalak gaineratu duenez, oraingoz, faunari ahalik eta kalte gutxien eragiteko eta natura-elementu interesgarrienak babesteko, eskuz eta gaika sastrakak kentzeko eta lurrak prestatzeko hasierako lanak antolatzen ari dira. Hori amaitutakoan, hainbat zundaketa egingo dira lurraren karakterizazioa osatzeko, eta, ondoren, lur-mugimenduak hasiko dira, aintzira berriari forma emateko. Lan horiek guztiak, udako hilabeteetan luzatuko direla azpimarratu dute. 

Bestalde, aurreratu dute proiektuak barne hartzen dituela landare-espezie inbaditzaileak kentzea, baso atlantikoetako berezko tokiko landaredia lehengoratzea eta oinezkoentzako bide berri bat sortzea. Gainera, jarduera bereziki tokiko balio naturalak kontuan hartuta diseinatu dela eta obrek balio horiek babesteko neurri espezifikoak hartzen dituztela aitortu dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun