"Sopela Gustora" ospatuko dute bigarren aldiz

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 14a

Udaleko Toki Garapen Sailak azaldu duenez, 2025an hasi ziren ekimen honegaz eta aurten, urrian, bigarren aldiz ospatuko dute. Ekimenak bi pintxo lehiaketa hartuko ditu bere baitan: bata Larrabasterran egingo da, eta, bestea, Sopela erdigunean.

Ekimenaren helburu nagusia Sopelako ostalaritza-sektorea sustatzea, herritarrengana hurbiltzea, barraren zein produktuen atzean dauden pertsonak balioan jartzea eta udalerria dinamizatzea da. 

Pasa den urtean bezala, adierazi dute lehiaketan ospe handiko epaimahai profesional bat egongo dela, eta herritarrek ere bozketa bidez parte hartu ahal izango dutela. Gainera, asteburu bakoitzean zozketa bat egingo da parte hartzen duten herritar guztien artean.

Iazko bi pintxo irabazleak. ©SOPELAKO UDALA

Udalak jakinarazi duenez, parte hartzen duen establezimendu bakoitzak ibilbide gastronomikoaren mapak izango ditu. Bertan, parte hartzen duten tabernen kokapena eta lehiaketara aurkezten dituzten pintxoen argazkiak egongo dira. Baina “Sopela Gustora” ez da bakarrik pintxo-lehiaketa; Udalak azaldu duenez, “ostalaritza-sektoreari zuzendutako prestakuntza espezializatua, sare sozialen bidezko sustapena eta ikusgarritasuna, epaimahai profesional baten presentzia eta herritarren parte-hartzea izaten ditu”. 

2025an, 15 establezimenduk parte hartu zuten –Larrabasterrako seik eta Sopela erdiguneko bederatzik–. Udalaren arabera, "konfiantza", "giro ona", "herri giroa" edo "familiartasuna" izan ziren Sopelako ostalaritzaren ezaugarri gisa identifikatu zituzten kontzeptuetako batzuk. Gainera, saioetan, sektorearen identitateagaz eta alderdi teknikoagoakaz lotutako gaiak landu ziren: produktuen errentagarritasuna, eskaintza gastronomikoa edo prezio optimoa zehazteko kostu-dokumentuak egitea, besteak beste.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun