Ibilbide luzea duen jaialdi honek hainbat urte daramatza mundu osoko herrialdeetako aberastasun kulturalaren adierazgarriak diren taldeak Sopelako Larrabasterrako jaietara ekartzen.
Munduko kultura ezberdinek bat eginez
Kubatik etorriko da Conjunto Folclorico Camagua. Camagüey hirian sortutako taldeak Kubako folklorearen aberastasuna erakusten du, bereziki afrikar, europar eta karibetar sustraien arteko nahasketa. Bere emanaldiek erritmo, energia eta kolore handia izaten dute, eta Kubako kultura herrikoiaren isla dira. Taldea 2011n sortu zen, eta ordutik nazioarteko hainbat jaialditan parte hartu du, Kubako folklorearen enbaxadore bihurtuz.
Madagaskarko ordezkaria Benja Gasy izango da. Taldearen berezitasuna herrialde osoko sei probintzietako musika, dantzak, jantziak eta ohiturak emanaldi bakarrean biltzen dituela da. Hori dela eta, askotan Madagaskarko kulturaren erakusleiho txiki gisa definitzen du bere burua.
Eta nazioarteko gonbidatuakaz batera, etxeko ordezkaria ere izango da jaialdian: Andra Mari Dantza Taldea. Galdakaoko taldeak euskal dantza tradizionalaren ondarea ekarriko du Sopelara, belaunaldiz belaunaldi transmititu diren doinu, urrats eta ohiturak plazara eramanez. Horrela, jatorri oso ezberdinetako kulturak agertoki berean batuko dira.
Azken batean, Folklore Bizian jaialdia kulturak elkar ezagutzeko eta partekatzeko gonbidapena dela esan genezake. Herri bakoitzak bere historia kontatzeko modu bat du, eta dantzak nahiz musikak dira horretarako hizkuntza unibertsaletako bat.
Hamarkadak kulturak lotzen
Antolatzaile den Galdakaoko Andra Mari Euskal Dantza Taldeak urteak daramatza Euskal Herritik kanpoko taldeakaz harremanak eraikitzen, euskal diasporako eta mundu osoko dantzariakaz kultur trukea sustatuz hainbat jaialditan.