Txu Txu Trena erabilera-arau berriakaz bueltatu da Sopelako Karmen jaietara

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 17a

Txu Txu Trena 12 urtetik beherako umeentzat izango da.

Uztailaren 17an, 18an eta 19an eskainiko dute berriro Txu Txu Trenaren zerbitzua Sopelako Karmen jaietan. Aurten, jardueraren izaera familiarra eta segurtasuna bermatzeko, zerbitzua 12 urtetik beherako umeei zuzenduta egongo da, eta heldu arduradun bategaz bidaiatu beharko dute.

San Pedro jaietan izandako jokabide desegokiak ikusita, Udalak zerbitzua erabiltzeko baldintzak egokitzea erabaki du. Hala, Txu Txu Trena 12 urtetik beherako umeentzat izango da, eta adingabe guztiek heldu arduradun baten laguntza eta gainbegiratzea izan beharko dute. Helburua da jarduera modu seguruan garatzea eta txikienentzako espazio egokia bermatzea.

Udalak gogorarazi du zerbitzura sartzeak erabilera-arauak onartzea dakarrela. Besteak beste, debekatuta egongo da trena martxan dagoela igotzea edo jaistea, eserlekuetatik altxatzea, bagoien artean mugitzea, objektuak kanpora ateratzea, erretzea edo alkohola kontsumitzea. Antolakuntzak arauak betetzen ez dituztenei sarrera ukatu edo trenetik jaisteko eskatu ahal izango die, eta herritarren laguntza eskatu du jarduera giro seguru eta atseginean egin dadin.

Gainera, adierazi dute Urgitxieta kalean egiten ari diren obren ondorioz, ohiko irteera-puntua aldi baterako aldatu dutela. Hori dela eta, trena Urkoko harrera-eraikinaren aurrean dagoen behin-behineko geltokitik abiatuko da egun horietan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun