Rexcatering zerbitzuak 6.180 janari-errazio berreskuratu ditu Sopelan

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 22a

Udalak adierazi duenez, Rexcatering zerbitzuak 6.000 janari errazio baino gehiago berreskuratu ditu 2025-2026 ikasturtean. Zerbitzuak Sopela BHI institutuan eta Ander Deuna Ikastolan soberan geratutako janaria herritarren eskura jartzen du.

Larrabasterrako Urgitxieta plazan dagoen makinari esker, 6.180 janari-errazio berreskuratu dituztela zenbatu dute, eta jaki horiek herritarren eskura modu seguruan eta errazean jarri direla nabarmendu dute. Zehaztu dutenez, horietatik, 3.955 (%64) Sopela BHIkoak izan dira, eta 2.225 (%36) Ander Deuna Ikastolakoak.

Udaletik gaineratu dutenez, proiektu "berritzaile" honek, elikagaiak alferrik galtzea ekiditen du, eta hezkuntza-zentroetako jantokietako soberakinak aprobetxatzea eta herritarrak elikagai-hondakinak murriztearen garrantziaz kontzientziatzea du helburu. 

Gainera, nabarmendu dute zerbitzuak harrera oso ona izan duela herritarren artean; izan ere, eskuragarri jartzen dituzten errazioak ordu gutxiren buruan agortzen dira. Gutxi gorabehera, makina husteko batez besteko denbora hiru ordukoa dela adierazi dute; ekainean, gainera, denbora hori 2,5 ordura jaitsi zen, baliabide honek duen eskari handia agerian utziz. 

Ildo berean, azpimarratu dute Rexcatering proiektuak ez duela bakarrik elikagaiak alferrik galtzea saihestea helburua, baizik eta eragin sozial handiagoa izaten duela: "Sistemak egoera ezin hobean dauden elikagaiei bigarren bizitza bat ematea ahalbidetzen du, komunitatearentzat baliabide erabilgarri eta doakoa da, eta, aldi berean, hondakin gutxiago sortzea eta elikagaiak alferrik galtzeari lotutako CO2 emisio gutxiago sortzea eragiten du". 

Orain, udako oporrak direla eta, zerbitzua eten egingo da, baina ikasturte berrian hastean berriz jarriko dute martxan; jantokietatik datozen askotariko platerak eskuragarri jarrita: lekaleak, kremak, arraina, haragia,
pasta, arroza, tortillak, postreak eta prestatutako beste hainbat jaki, betiere elikagaien segurtasuna bermatuz.

 

 

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun