"Aurten, abuztuan ere merkatua aktibo egongo da, eta larunbatero ohiko zerbitzua eskainiko du. Gainera, uztailaren 25ean, Santiago egunean, ohiko bezeroei arreta eskaintzeko eta astero erosketak egitera joaten direnen leialtasuna eskertzeko, azoka mantenduko da", azaldu du Udalak.
Azokak Uribe Kostako eta Bizkaiko baserrietako tokiko ekoizleei zuzenean erosteko aukera eskaintzen du. Bertan barazkiak eta frutak, ogia eta pastelak, kombutxa, zukuak, marmeladak, gildak, gazta eta txerrikiak erosteko aukera egoten da, besteak beste. Azaldu dutenez, ekimenak herritarrei hurbileko produktuak gerturatzea, eta, horrekaz batera, lehen sektorea laguntzea eta kontsumo arduratsua eta tokiko garapen ekonomikoa sustatzea du helburu.
Azokaren koordinatzaileek poztasunez nabarmendu dute azokak jasotzen duen harrera, baina, euren ustez, merkatuak hazten jarraitzeko ahalmena du, eta kokapen berriak zein ahoz ahoko komunikazioak geroz eta pertsona gehiago ekimen honegaz bat egitera lagunduko dute, tokiko kontsumoaren eta kontsumo iraunkorraren erreferente gisa finkatuz.
Gure Lurreko Merkatuaren garrantzia

Merkatuko koordinatzaile Lorea Momeñeren hitzetan, merkatura hurbiltzen diren pertsonek euren indarguneak eta ahuleziak ezagutzen dituzte, eta horietako bakoitza balioan jartzen dute; ulertzen dute euren ekoizpena urtaroen eta eguraldiaren araberakoa dela, eta, hala ere, astero joaten direla horrenbeste desiratzen duten sasoiko produktu hori iritsi ote den galdetzera, eta asteko erosketak une bakoitzean eskaintzen dutenaren arabera egitera. Izan ere, Momeñek azaldu duen moduan, ezin dute beti mahai gainean nahi luketen guztia eskaini: tomateak heltzeko eguraldiaren menpe daude, negu honetan eztia ekoiztea ia ezinezko eginkizuna izan da; ahabiak, berriz, inoiz baino gozoago daude, baina bero bolada luze hauek direla eta, ezin izango dira beste urte batzuetan bezainbeste luzatu; eta ardi gazta urteko hilabete batzuetan baino ezin izango da ekoitzi, besteak beste.
Hala ere, Eder Garcia Toki Garapeneko zinegotziak merkatuak duen bilakaera bikaina ere nabarmendu du. "Urgitxieta plazan hasi zenetik, Neguko Azoka edo inauteriak bezalako ekimenekin espazioa partekatuz, gaur egun Sopela erdigunean duen kokapenera iritsi arte. Eskerrak eman nahi dizkiet udalerriko merkatariei eta ostalariei, merkatuari emandako babesagatik eta elkarlanerako erakutsi duten prestutasunagatik", adierazi du berak.