Sopelak erabilera turistikoko etxebizitzak arautzeko bidea zabaldu du

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 29a

Azterlanak erabilera Turistikoko Etxebizitzen eta Logelen kontzentrazioa saihestea du helburu. © SOPELAKO UDALA

Sopelako Udalak Erabilera Turistikoko Etxebizitzen eta Logelen inguruko azterketa teknikoa amaitu du. Azterlanak erakutsi duenez, azken bederatzi urteetan erabilera turistikoko etxebizitzek udalerrian hazkunde handia izan dute, 407 plaza gehiago sortuta, eta etxebizitza-merkatuan presio handia eragiten dute, bereziki kostaldean.

Gaineratu dutenez, duela hilabete batzuk, Sopelako Udaleko Toki Garapeneko Sailak azterketa tekniko bat jarri zuen abian, udalerrian Erabilera Turistikoko Etxebizitzen eta Erabilera Turistikoko Logelen ezarpena eta bilakaera aztertzeko. Helburua informazio eguneratua eta zehatza izatea zen, mota horretako bizilekuek hiri-ingurunean, etxebizitza-merkatuan eta auzo-bizikidetzan zer-nolako eragina duten ezagutzeko.

Bertan, adierazi dutenez, lege-testuinguruaren eta udal-plangintzaren analisia jaso dute, baita etxebizitza mota horien egungo egoeraren azterketa eta diagnostiko bat ere, zonifikazio-parametroetan oinarrituta, Udalak egin ditzakeen erregulazio-proposamenekin batera.

Emaitzen arabera, Erabilera Turistikoko Etxebizitzek eta Logelek presio ertaina eragiten dute udalerriko etxebizitza-parkean, baina egoera hori eremuaren arabera aldatzen dela adierazi dute. Nabarmendu dutenez, egoera hori azken hiru urteetan geratu da agerian batez ere; eta horri Sopelak bizi duen bigarren bizitegi-fenomenoa gehitu behar zaio: etxebizitzen salerosketa-prezioak oso altuak dira, eta alokairu-eskaintza, berriz, mugatua eta prezio altukoa.

Azterketa horregaz, egungo egoerari aurre egiteko eta etorkizuneko antolaketa ordenatua eta orekatua bermatzeko neurriak martxan jartzeko aukera planteatu dute; proposamena Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) barruan sartuz. Helburuak hiru dira: etorkizuneko plangintza eta garapen ordenatu eta orekatua bermatzea, Erabilera Turistikoko Etxebizitzen eta Logelen kontzentrazioa saihestea, eta bizitegi-izaera eta bisitarien zein egoiliarren arteko bizikidetza zaintzea.

Eder Garcia Sopelako Udaleko Toki Garapeneko zinegotziaren hitzetan: "Erabilera Turistikoko Etxebizitzei eta Logelei buruzko azterlan honek garapen turistiko jasangarriaren eredu batekiko dugun konpromisoa berresten du, bizilagunen ongizatea bermatuko duena, etxebizitza eskubide gisa aintzat hartuko duena eta Sopelaren identitatea zainduko duena".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun