Sopelako Euskarazko I. Literatura Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago

Laura Fontalba Colomo 2026ko uztailaren 30a

Irabazleen artean 5.000 euro banatuko dituzte.

Lehen aldiz, Sopelako Udalak Euskarazko Literatura Lehiaketa antolatu du, udalerriko herritarren artean euskarazko sorkuntza sustatzeko eta saritzeko. Jakinarazi dutenez, lanak urriaren 31ra arte aurkeztu ahal izango dira lau modalitatetan: narratiba, poesia, antzerkia eta komikia.

Udalak gaineratu duenez, ekimenaren helburua Sopelako biztanleen artean euskarazko literatura-sorkuntza bultzatzea, lanak saritzea eta obra irabazleak ezagutaraztea da.

Azaldu dutenez, lehiaketan 16 urtetik gorakoek parte hartu ahal izango dute, banaka edo taldeka, betiere Sopelan gutxienez urtebetez erroldatuta badaude. Lanak aurkezteko epea urriaren 31n amaituko da.

Lanen zehaztapenei dagokienez, Udalak azpimarratu du aurkeztutako lan guztiak berriak eta inoiz argitaratu gabeak izan behar direla. Gainera, euskaraz idatzita egotea derrigorrezkoa izango da. Horiek aurkezteko bi modu egongo dira: aurrez aurre Sopelako Udaleko Erregistro Orokorrean edo Larrabasterrako Herritarrentzako Arreta Bulegoan; edo telematikoki, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Sariei dagokienez, guztira 5.000 euro banatuko dituzte. Komiki modalitateko lan irabazleak 2.000 euro jasoko ditu, eta narratiba, poesia eta antzerki modalitateetako irabazleek 1.000 euroko sari bana izango dute. Saritutakoek euren lanak aurkezteko ekitaldi publiko batean parte hartu beharko dute, Euskararen Astearen barruan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun