Udalak dioenez, iaz, baso-suteengatik eta bero-boladengatik, Youth for Climate, Neighborhoods for Climate eta Ecologists in Action bezalako taldeen koalizio batek "2025eko Estatu Mailako Tenperatura-neurketa" kanpaina abiarazi zuen, hirietan klima-egokitzapenik ezak herritarren artean sortutako kezka gero eta handiagoari erantzuteko helburuagaz.
Proiektuan 67 udalerritako bizilagun-taldeek kaleak hartu zituzten tenperaturak neurtzeko eta hiriko bero-irla efektua aztertzeko. Horregaz nabarmendu zuten "infernuak" gainazal iragazgaitzak eta zuhaitzik gabeko plaza publiko hutsak ziren; "paradisuak", zuhaitzez betetako guneak, landare-estaldura naturala dutenak, hala nola belarra edo lur biluzia eta "garbitokiak", tarteko guneak.
Komunitate-talde, auzo-elkarte, guraso eta irakasleen elkarte eta adinekoentzako zentro ugariren parte-hartzeari esker, herrialde osoko neurketak 43 udalerritan eta 24 probintzia-hiriburutan banatutako 150 gunetan arrakastaz egin ziren. Adierazi zutenez, "emaitzek agerian utzi zuten batez besteko tenperatura-aldea 1,5 °C-koa zela nazio mailan 'infernu' eta "paradisu" gisa sailkatutako guneen artean".

Kanpaina horren arrakastaren ostean, orain, Auzo Elkarteen Estatuko Konfederazioaren, Climate Alliance-ren, Greenpeace-ren eta Intermon Oxfam-en parte-hartzeakaz, ekintzarako deialdi berria egin dute: "Estatuko Ekomapeaketa – Hemen zuhaitz bat falta da" proiektua. Gaineratu dutenez, estatu mailako proiektua da eta hirietako zuhaitz-estaldura mapatzea du helburu. UN-Habitat eta FAO erakundeek nabarmentzen dutenez, hirietako zuhaitzek tenperaturak jaisten eta airearen kalitatea hobetzen ez ezik, biodibertsitatea sustatzen, ura xurgatuz uholdeak arintzen, zarata-mailak murrizten eta estresa zein odol-presioa gutxitzen ere laguntzen dute.
Jakinarazi dutenez, mapatze-lana urriaren 3an eta 4an egingo dute; webgune espezifiko baten bidez telefono mugikorren kokapena partekatuz honako hauek identifikatuko dira: "hutsik dauden zuhaitz-hobiak", parkeetako "enbor-hondarrak edo zuhaitz hilak", eta "itotako zuhaitz-hobiak" –hormigoi iragazgaitzez estalitakoak, enborrak espazio osoa hartzen duenak edo zuhaitza hobitik kanpo edo hobiaren ertzean bertan kokatuta dagoenak–.