Udalak urte hasieran abiatu zuen prozedura, azken urteotan etxebizitzaren inguruan herrian sortutako egoerari erantzuteko. Horretarako, Sopelako etxebizitza-parkearen diagnostikoa aurkeztu zion Eusko Jaurlaritzari, baita antzemandako arazoei aurre egiteko neurriak jasotzen dituen ekintza-plana ere. Dokumentazio horretan, datuen bidez, gaur egungo eskariari erantzuteko etxebizitza nahikorik ez dagoela ere jaso zuen.
Eskaria gora, eta prezioen presioa ere bai
Udalak egindako azterketaren arabera, Sopelako etxebizitza-merkatuak "presio handia" jasan du azken urteotan. Etxebizitza bila dabilen jende kopurua nabarmen hazi da, eta udalerriaren kokapenak eta ezaugarriek erosteko ahalmen ertain eta handiko herritarrentzat erakargarri bihurtu dute Sopela.
Horrek salerosketako zein alokairuko merkatuan izan du eragina. Udalak ohartarazi duenez, egoerak bereziki estutzen ditu diru-sarrera txikiagoak dituzten sopeloztarrak, etxebizitza bat erosi edo alokatzeko gero eta ahalegin ekonomiko handiagoa egin behar baitute.
Hain zuzen ere, egoera horri erantzutea da eremu tentsionatuaren izendapenaren helburu nagusietako bat. Udalak aurkeztutako ekintza-planak etxebizitza gehiago eskuragarri jartzeko eta herritarrei horietara heltzea errazteko hainbat neurri jasotzen ditu.