Bi emakume bi aldiz atxilotu dituzte hiru egunetan, Sopelako etxebizitzetan sartzen saiatzea egotzita

Izaro Garcia 2026ko abuztuaren 19a

Emakumeak hiru egun lehenago ere atxilotu zituzten.

20 eta 23 urteko bi emakume birritan atxilotu dituzte Sopelan, hainbat etxebizitzatan sartzen saiatzea egotzita. Azken atxiloketa astelehenean egin zuen Ertzaintzak, abuztuaren 13an udalerriko etxebizitza batean izandako lapurreta saiakera ikertu ostean.

Gertakari haren berri domekan izan zuen Ertzaintzak, salaketa baten bidez. Antza denez, bi emakume atari batera sartu eta silikonazko markatzaile bat jarri zuten etxebizitza bateko atean. Sopelako Udaltzaingoa bertaratu zen, eta ingurua miatzean, antzeko beste marka bat aurkitu zuen ondoko atari bateko beste etxebizitza baten atean.

Horren ostean bi emakumeen bila hasi ziren, eta astelehenean atxilotu zituzten, etxebizitzan lapurtzen saiatzea egotzita. Atxiloketaren unean, gainera, haietako batek gama altuko erloju bat zeraman arroparen artean ezkutatuta. Biak polizia-etxera eraman zituzten, eta martitzenean jarri zituzten epailearen esku.

Barikuan ere atxilotu zituzten

Emakumeak hiru egun lehenago ere atxilotu zituzten, oso antzeko gertakari batengatik. Barikuan, Sopelako Udaltzaingoak etxebizitza-atari baten barruan harrapatu zituen, 20 urteko beste gizon bategaz batera.

Agenteek plastiko zati bat ere aurkitu zuten leiho baten markoan ezkutatuta. Poliziaren arabera, horrelako piezak ateak «resbaloiaren» metodoagaz zabaltzeko erabiltzen dira. Gainera, Ertzaintzak egiaztatu zuen hirurak minutu batzuk lehenago beste atari batean egon zirela, etxebizitza bateko sarraila behartzen saiatzen.

Oraingoz, ikerketa ez dute itxi. Ertzaintza uda honetan Sopelan izandako antzeko beste gertakari batzuk aztertzen ari da, atxilotuek horietan ere parte hartu ote duten argitzeko.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun