Sopela Kosta Fest jaialdia bueltan dago!

Laura Fontalba Colomo 2026ko irailaren 2a

Sopela Kayak-Surf Munduko Koparen egoitza nagusia izango da. ©SOPELAKO UDALA

Irailaren 18tik 20ra, Sopela erdigunean, hondartzetan eta itsaslabarretan, Sopela Kosta Fest jaialdia egingo dute. Berriz ere, kirola, natura eta kultura izango dira protagonistak.

Udalak azaldu duenez, aste-akabuan, egitarau zabala izango dute, berrikuntzaz beteta eta publiko guztiari zuzendutako proposamenakaz. Berrikuntzaz gain, aldaketak ere egongo direla aipatu dute; adibidez, aurten, ez da kontzerturik egongo, eta kirol-jarduerak, ingurumenagaz lotutako proposamenak eta aisialdirako jarduerak izango dira nagusi. 

Kirolei dagokionez, azaldu dutenez, Barinatxe eta Arriatera hondartzek hainbat kirol-proba hartuko dituzte, besteak beste, VI. Sopela Kosta Fest Waveski Opena, Euskal Surf Zirkuituaren III. proba eta Euskal Herriko Txapelketa, Euskal Herriko Surf Beteranoen Txapelketa eta kayak-surfeko hainbat proba. Gainera, nabarmendu dutenez, Sopela Kayak-Surf Munduko Koparen egoitza nagusia izango da: 16 herrialdetako piraguistek parte hartuko dute, banakako eta taldeko modalitateetan. Horrez gain, udalerriko hainbat gunetan, surf egokitua, surfa familian, slacklinea, street workouta, parkourra, kometak eta tai chia ere egingo dira. 

Ingurumenari eta zientziari dagokionez, Surfrider Foundation-en Retrace! programaren barruan, Zabor Bilketa Basatia egingo dela aipatu dute, makro eta mikrohondakinak biltzeko helburuagaz. Natura arloan ere, naturan zeharreko hainbat ibilbide gidatu antolatuko dira, egunez zein gauez, baita itsaslabarretako flyscharen ibilbide geologikoa ere.

Aurreratu dutenez, barikuan, jaialdia San Pedro elizatik abiatutako Carrusel antzerki-ikuskizun ibiltariagaz hasiko dute; eta, aste-akabu osoan zehar, ildo horretan jarraituko dute, adin guztietarako sormen- eta eskulan-tailerekaz, haurrentzako ginkanagaz, argazki-erakusketagaz eta kantu-jiragaz, besteak beste. "Asteburu osoan zehar, Sopelako hainbat gunetan jaialdiaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek", diote.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun