Sopelako Udalak tokiko negozioak bultzatzeko “Sopela Garatu” programaren deialdi berri bat irekiko du irailean

Iratxe Ugartetxea 2026ko irailaren 3a

© SOPELAKO UDALA

Sopelako Udaleko Toki Garapen sailak “Sopela Garatu” programaren deialdi berri bat jarriko du abian, udalerriko negozioei zuzendutako dirulaguntza programa. Programa honek 70.000 euroko aurrekontua izango du.

Udaletik azaldu dutenez, programak bi laguntza lerro ditu, bakoitza 35.000 euroko aurrekontukoa. Lehen lerroa "Sopela Sustatzen" da, herrian merkataritzaren, ostalaritzaren eta enpresaren arloetan negozio berriak finantzatzeko dirulaguntza. Proiektuak 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean jarri beharko dira martxan, bi egunak barne. Bestetik, bigarren laguntza lerroa "Sopela Berritzen" da, saltokien, ostalaritza establezimenduen, enpresa txikien, mikroenpresen eta autonomoen berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntza. Jardueraren bigarren urtetik aurrera eskatu ahalko da eta 2025eko urriaren 1etik 2026ko irailaren 30era bitartean egindako inbertsioak finantzatuko dira, bi egunak barne.

Eskaera bakoitzeko, gehienezko dirulaguntza 3.000 eurokoa izango da, eta soilik proiektuaren %75era arte. Laguntza hau bateragarria izango da Eusko Jaurlaritzako MEC Merkataritza Establezimenduak Modernizatzeko dirulaguntzarekin. Aurreikuspenen arabera, 2026ko deialdia irailaren 9an argitaratuko da Bizkaiko Aldizkari Ofizialean (BAO), eta hurrengo egunetik aurrera hamabost egun balioduneko epea egongo da dirulaguntza eskatzeko, Udalaren egoitza elektronikoan edo Udalean bertan, aurrez aurre.

Udalak adierazi du 2025eko deialdian laguntza honen bidez Sopelako autonomoak, zerbitzu enpresak eta merkataritza eta ostalaritza sektoreak bultzatu zirela. Guztira, negozio berriak bultzatzeko eta tokiko enpresak hobetzeko 32 proiektu lagundu eta 57.187,44 euro banatu ziren.

Deialdiaren oinarriak Udalaren webgunean argitaratuko dira, eta irailaren 9an, Toki Garapen sailak informazio saio bat antolatuko du tokiko negozioentzat, 14:00etan, Kurtzio Kultur Etxean. Informazio gehiagorako: empleo@sopela.eus.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun