Lehen hitzordua gaur, irailak 7, 19:30ean izango da. Summer Leagueko finalerdiak jokatuko dituzte Sopelako frontoian, eta partiduez gain, zuzeneko musika eta DJ bat ere egongo dira giroa berotzeko.
Astebete geroago, irailaren 14an, 19:30ean, txapelketako final handiaren txanda izango da. Oraingoan ere kirola eta kultura uztartuko dituzte: partiden ostean, Zea Mays eta Jon Maia igoko dira oholtzara.

Emakumezkoen pilota ere protagonista
Hileko azken hitzordu handia irailaren 27an, domekan, 12:00etan izango da. Master Cup emakumezkoen esku pilotako udako torneoko bi bikote onenak aurrez aurre arituko dira finalean. Partida ETB1ek zuzenean eskainiko du. Txapelketaren helburua emakumezkoen esku pilota sustatzea eta hari ikusgarritasun handiagoa ematea da.
Hiru hitzorduak Sopelako frontoiari bultzada emateko Udalak aurten egindako apustuaren barruan kokatzen dira. 2026ko aurrekontuetan 25.000 euro bideratu dituzte pilota partidak antolatzera, eta beste 7.500 euro Pala Pro txapelketara. Ekimenak Kurene pilota elkarteagaz elkarlanean antolatu dituzte.
Guruzne Carrasson alkateak aurten kirola kulturagaz uztartu gura izan dutela nabarmendu du eta, bereziki, emakumezkoen esku pilotari protagonismo handiagoa eman. "Sopelako frontoia pilotaren munduan erreferente bilakatzen ari dela ikustea oso pozgarria da", adierazi du.