Adierazi dutenez, hasteko, etorkizuneko pasabidearen zutabeak finkatzen ari dira; eta, une honetan, pasabidea enpresa esleipendunaren instalazioetan eraikitzen ari dira. Eraikuntza-lanak amaitutakoan, hura instalatzeari ekingo diote, 2027ko urte hasieran.
Hurrengo hilabeteetan metalezko egitura nagusia, hau da, pasabidea, instalatu ahal izateko hainbat lan egin beharko dira. Azaldu dutenez, lanak hasteko, etorkizuneko plataformaren pila edo oinarri berria eraikitzen hasiko dira, elementu nagusi horrek lan-eremuan espazio handia hartuko baitu. Ondoren, egitura jasotzeko estribuak prestatuko direla azaldu dute; gero, lan-eremua prestatu, egitura zatiak jaso eta lurzoruaren mailan aurremuntaketa egingo dute. Egitura muntatu ostean, behin betiko kokalekuan jarriko dute, eta pasabidearen zoladura eta gainerako urbanizazio-lanak egingo dituztela baieztatu dute. Horrela, proiektuari amaiera emango diote.
Proiektuaren ibilbidea
2024an, Udalak Bultzibideko pasabidearen oinezkoentzako sarbidea itxi zuen; ordutik, konplexutasun tekniko eta administratibo handiko prozesu luze batean sartuta egon da. Gaineratu dutenez, hasieran, azterlan bat kontratau zitzaion Tecnalia enpresari; eta proposatutako proiektu guzti horiek Bizkaiko Garraio Partzuergoagaz eta Metroagaz adostu behar izan ziren. Beraz, prozesuan hainbat aldaketa egon ziren. 2025eko urrian, Bizkaiko Garraio Patzuergoak proiektuei "argi berdea" eman ondoren, Udalak linea elektrikoa desbideratu zuen. Abenduan, pasabidea eraitsi zen, eta pasabide berria jartzeko lizitazio-prozesuari ekin zitzaion.
Denbora horretan, pasabide berria egiteko lizitazioa hainbat alditan geratu zen hutsik: 2025eko abenduan lehen aldiz, 480.000 euroko aurrekontuarekin, eta 2026ko apirilean bigarrenez, aurrekontua 115.000 euro igo bazen ere. Azkenik, hirugarren lizitazio baten ondoren, ekainaren amaieran VICONSA, S.A. enpresari esleitu zitzaion proiektua, 558.578,13 euroan. Orain, enpresak bost hilabeteko (20 asteko) epea du lanak gauzatzeko, guztira 729.240,19 euroko kostu metatuagaz.
"Oso proiektu konplexua izaten ari da, eta Udalaren inbertsio garrantzitsua da irisgarritasunaren eta mugikortasunaren arloetan. Jakin badakigu Administrazioaren epeak herritarrentzat ulertzeko zailak direla. Ildo horretan, eskerrak eman nahi dizkiegu sopeloztarrei izandako pazientziagatik", azaldu du Mikel Tapia Hirigintzako zinegotziak.