Sopelako TAO mugikorretik ordaindu daiteke jada, aplikaziorik deskargatu barik

Izaro Garcia

Banku-txartelaz gain, Bizum, Apple Pay eta Google Pay erabili ahal izango dira.

Sopelan aparkatzeko TAO ordaintzea errazagoa izango da hemendik aurrera. Sistema berriak Bizum, Apple Pay eta Google Pay bidez ordaintzeko aukera ematen du, aplikaziorik deskargatu edo erabiltzaile-konturik sortu beharrik gabe. Horretarako, nahikoa izango da ibilgailuaren matrikula sartzea.

Zerbitzua EYSAren Mowiz plataformaren bidez jarri dute martxan, eta erabiltzeko hainbat aukera daude: Mowiz aplikazioa deskargatzea, webgunetik sartzea edo Sopelako parkimetroetan jarritako QR kodea eskaneatzea. Azken bi kasuetan ez da beharrezkoa erregistratzea. Matrikula sartu, aparkatzeko denbora aukeratu eta ordainketa egitea besterik ez da egin behar.

Ordainketa egiteko moduak ere zabaldu dituzte. Banku-txartelaz gain, Bizum, Apple Pay eta Google Pay erabili ahal izango dira. Bizumen kasuan, gainera, ez da bankuko daturik sartu beharko, eta horregaz ordainketa-prozesua arintzea gura dute.

Mowiz aplikazioa deskargatzen dutenek, berriz, aukera gehiago izango dituzte. Besteak beste, aparkatzeko denbora urrutitik luzatu ahal izango dute, parkimetrora bueltatu beharrik gabe, eta txartela amaitzear dagoenean abisua jasotzeko aukera izango dute.

Sistema ez da Sopelan bakarrik erabiltzen. Gorlizen ere martxan dago, baita Gasteizen, Errenterian, Beasainen, Getarian eta Orion ere. Datozen hilabeteetan beste udalerri batzuetara zabaltzea aurreikusten dute, tartean Bilbora.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun